Gure bazterrak

Basabe: Artzetarren eremu ohietan

Erredakzioa 2018ko ira. 14a, 19:30

Laurogeita hamar tona harri erabili behar izan dituzte Jose Miguel Fernandez Astobizak eta Maite Herran Angulok Basabeko artzetarren dorretxearen zaharberritzearen lehen fasea bukatzeko. Elizondotik Basabera eraman dituzte harri gorrixka handi batzuk, eta dorrea eraitsi ondoren lortutako materialak ere erabili dituzte.

Iaz hasi ziren senar-emaztea ia guztiz eraitsita zegoen dorretxearen zimenduak finkatzen, eta eraikin historikoaren ingurune ederra egokitzen. Herranen aitak 40. hamarkadan merke erosi zituen hondarrak berreskuratu ondoren,   bikoteak asmoa zuen hotel bat zabaltzeko dorretxearen ondoan, eta lurzoru zabalean bisonteak eraman eta aske uzteko, turismoa erakartzeko asmoarekin, baina oraindik ez dute egitasmo bitxia gauzatu.

Egun ikus daitekeen dorrearen  aurrekaria 1386. urteko idazkietan jasotzen da lehenbiziko aldiz, eta Nograro herrikoaren bikia da. Hamar bat metroko altuera zuen artzetarren dorretxeak, eta lau solairu. Basabe eta Mioma lotzen zituen antzinako bidearen bazter batean kokatuta dago, Gaubeako eta Losako (Burgos, Espainia) haranak lotzen zituen ibilbide nagusi baten erdi-erdian hain zuzen. 

XVI. mendean, dorretxeko jaun Garcia Sanchez de Arcek Komunioiko eta Valderejoko jaurerriak zituen bere menpe, eta Arabako leinu nabarmenetako batekin ahaidetuta zegoen gainera. Erdi Arokoa da ere Basabeko San Salvador eliza. Egungo teilazko teilatuaren azpian jatorrizko teilatu bat aurkitu zuten, kareharrizko harlauzekin eginikoa. 

Alta, ez dira antzinako dorretxea eta eliza Basabe herriak dituen altxor bakarrak; izan ere, oso preziatuak dira herri inguruan hazten diren boilur beltzak, eta urtero, neguan Gaubeako turismo bulegoko arduradunek bisitaldi gidatuak antolatzen dituzte boilurra nola biltzen den eta kozinatzen den erakusteko.

Basabetik gertu daude, gainera, Pinedo eta Corroko kobazulo eremitikoak eta nekropoliak.

Fitxa:

Kuadrilla: Añana.

Udalerria: Gaubea.  

Biztanleak: 14 (2017ko Eustaten datuen arabera).

Bitxikeria: Micaela Portilla historiagileak jaso duenez, 1.100 pezetatan erosi zituzten herrandarrek Artzeko dorrearen hondarrak. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago