"Hilarri zahar batean mozten zuten txorizoa guardia zibilek"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko ira. 10a, 12:21
Juan Carlos Abascal Ruiz de Agirre. PHOT.OK

Bederatzi urtez ibili da Juan Carlos Abascal Espejoko historiaren arrastoak bilatzen, artxiboetan zein sasien artean; emaitza argitaratu berri du Gaubeako Udalak: 'Apuntes de la historia de Espejo, del siglo I al siglo XXI'.

Sasien artean, Indiana Jones bezala, edo paper-sorta zaharren artean El nombre de la Rosako eskribau baten moduan irudikatu dezakegu Juan Carlos Abascal Ruiz de Agirre (Gasteiz, 1956). Espejoko iraganaren bila erabat murgilduta dabil aspaldidanik, eta azken bederatzi urteetan pasadizo eta datu harrigarri ugari bildu ditu, espejotar gehienek ezagutzen ez dituztenak. Penaz aitortu du herriko historiaren zale gutxi dagoela eta herriko ondarearekiko axolagabekeria handia dela; alta, ikertzaileak ez du amore eman, eta bere lehen liburua argitaratu ostean, buru-belarri dabil orain Espejoko elizako Andre Maria Zuriaren irudi manierista ederraren eskultore ezezaguna nor den aurkitu nahian.

Historialaria zara? Idazlea?

Ez. Ez. Kuriosoa naiz, besterik gabe. 

Zer dela eta idatzi duzu liburua? 

2008. urtean Espejoko kontzejuan onartu zen dorrearen erlojua zaharberritzea. Erlojua elizaren izkina batean abandonatuta zegoen; guk uste genuen balioa izan zezakeela, eta hala berretsi zuten zaharberritzaileek ere lanean hasi zirenean. Garai horretan inork ez zekien zein urtetakoa zen erlojua eta ez zegoen inolako daturik bere inguruan; horregatik, kontzejuko kideei baimena eskatu nien giltzak hartu eta kontzejuko paperen artean ikertzeko. Arratsalde asko eta asko eman nituen paperen artean, eta erlojuaren historia topatu nuen.

Zein urtetakoa da erlojua?

1808. urtekoa, Gaubeako erlojurik zaharrena da.

Gauza gehiago aurkitu zenituen paper-sorta horien artean.

Bai. 1432. urteko dokumentuak aurkitu nituen, esate baterako, eta konturatu nintzen gauza interesgarri asko zeudela. 

Zenbat urte eman dituzu liburua idazteko?

Bederatzi urtez egon naiz informazioa biltzeko, ikertzeko, kontrastatzeko, arkeologiari buruzko liburu zaharrak irakurri ditut… Laguntza eskatu behar izan dudanean beti aurkitu ditut aditu ugari laguntzeko prest: Saturnino Ruiz de Loizaga, Cirilo Garcia Roman edo Juan Vidal Abarca. Laguntza handia jaso nuen, esate baterako, elizan dagoen harriaren inskripzioak ulertzeko. Oso harri bitxia da latindar idazkunak eta zenbaki arabiarrak dituelako, eta arkeologo anitzekin kontsultatu nuen esanahia jakiteko, baina inor ez zen ausartzen interpretaziorik egiten. Azkenean, latindar idazkunetan aditu bat etorri zen, Burgostik, eta berehala itzuli zuen inskripzioa: eliza 1553. urtean eraiki zutela dio idazkunak. 

Ikertu dituzun paper-sorta horien artean zein da aurkikuntzarik harrigarriena?

Ilaki Egañak 'Mil cosas insólitas de los vascos' liburuan idatzi zuen John Adams Estatu Batuetako bigarren presidentea Espejon izan zela. Nik hemen begiratu nuen, galdetu nuen, eta ez nuen bisita horren arrastorik aurkitu, baina hala ere artikulu bat idatzi nuen horren inguruan, Landazuri Elkartearen bitartez, El Correo egunkarian. Bi hilabetera etorri zitzaidan Madrilgo gizon bat esanez artikulu horretan erratu egin nintzela, Espejon lehendakari bat beharrean bi egon zirela, John Adams eta bere semea John Quincy Adams ere izan zela, eta gainera, komentatu zidan Estatu Batuetako liburutegi batean gordeta zituztela Adamsen garai horretako egunkariak. Endredatzen hasi nintzen eta azkenean Bostongo liburutegian aurkitu nituen egunkariak; posta elektroniko bat bidali nuen, eta bertako emakume oso atsegin batek erantzun zidan eta eskaneatuta bidali zizkidan John Adamsen egunkariak; bertan jasota dago Espejoko egonaldia, 1780. urteko urtarrilaren 13an eta 14an.

Bitxikeria asko aurkitu dituzu artxiboetan?

Asko. Inkisizioaren partaide bat ere Espejon izan zen, elizaren ondoan zuen etxea, estrategikoki kokatuta, aspaldi herrira sartzeko bide nagusia hori baitzen. Etxeko atea kale nagusira begira zabaldu beharrean albo batean zabaldu zuen, mezara nor joaten zen eta nor ez kontrolatzeko…

Toki garrantzitsua izan da Espejo historian? 

Erromatarrentzat garrantzitsua izan zen, Iberiar Penintsulan Espejo izena duten herri guztiak bezalaxe, atseden lekua izan zen ere Gaubeako Espejo; guduen ostean erromatarrak atseden hartzera etortzen ziren. Gainera, XVIII. mendera arte zamarien geralekua izan zen, Gaztelatik Bizkaira edo Kantabriara eramaten zuten artilea hemendik igarotzen baitzen. Garai horretan, La Motatik elizara kokatzen zen herria, baina Pancorbotik Bilbora doan errepidea konpondu zutenean, tokiko merkatariak eta ostalariak berehala mugitzen hasi ziren beste alde horretara, eta herria hazi egin zen; gaur egun ezagutzen dugun Espejoren itxura hartzen hasi zen.

Erromatarrek sortu zuten herria?

Autrigoiak ziren hemen, Lastrako kastroetan, eta menditik jaitsi zirenean erromatarrekin nahastu ziren, eta inguru honetan kokatu ziren.

Zer izan da zailena, informazioa biltzea, liburua idaztea…?

Guztia. Asko irakurri behar da gauza txikiak lortzeko, Valpuestako kartularioak, Bujedoko kartularioak… Informazioa bildu eta aldi berean idazten nuen. 2016an, gizarte-etxe berria inauguratu zenean, aukera eman zidaten hitzaldi bat emateko, herriko garapena I. mendetik XXI. mendera arte azaltzeko; Gaubeako alkateari asko gustatu zitzaion eta proposatu zidan liburu bat argitaratzea, baina denbora eskatu nion historia borobiltzeko, eta iaz erretiroa hartu nuenez denbora izan dut idazteko.

Nola egituratu duzu liburua?

Bi zati ditu: Espejoko historia azaltzen da batetik, eta bestetik geografikoki herria nola hedatu den. Ikusten ez dugun Espejori buruz hitz egiten hasten da liburua.

Eta nolakoa zen ikusten ez dugun herria?

I. mendeko hondar arkeologikoak bakarrik gelditzen dira. Horien artean dago Gasteizko Arkeologia Museoan gordeta dagoen hilarri bat, Espejoko lehen biztanlea izan daitekeenaren izena jasotzen duen hilarria hain zuzen, Antestia Euterpe edo Euterpe emakume izena. Harri zaharrean eginiko inskripzioan jasotzen da izen hori: "A los dioses manes, Antestia Euterpe, a sus expensas. 75 años". Erromatarrek beretzat hartu zuten Greziako musa bat da Euterpe. 

Historia bitxia du hilarriak.

1848. urtean Omecilloren uhaldi handi bat egon zen, urak Barcabo izeneko eremua hartu zuen, lurrak mugitu zituen, eta bertan azaldu ziren antzinako Espejoko hondar arkeologiko asko: zutabeak, hilarriak… Lursail horren jabeak bere etxera eraman zituen hainbat hondar, besteak beste Euterperen hilarria, eta bere etxean eserleku gisa jarri zuen. Urte batzuk beranduago, Ignacio Varonak aurkitu zuen hilarria eta Madrilera bidali zuen, ikertzeko, eta ondoren berriro eserleku gisa jarri zuten; horrela egon zen hilarria urte luzez; etxea Guardia Zibilaren kuartela bilakatu zenean, hilarrian esertzen ziren guardia zibilak eta hilarriaren gainean mozten zuten txorizoa. Gero, Pinedotarrek erosi zuten etxea, eta Diputazioko Joaquin Jimenezek konbentzitu zituen hilarria Arabako Arkeologia museoari emateko.

Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 162. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide