Angostoko azokaren 27. edizioa ospatuko da igandean

Erredakzioa 2018ko abu. 31a, 11:03
Aurreko urteko edizioan 10.000 lagun gerturatu ziren azokara. / PHOT.OK

Bertso-bazkaria egingo dute Angostoko zelaietan, Euskaraldiaren harira.

Angostoko azokaren 27. edizioa izango da irailaren 2an, igandean. Añanako Nekazaritza Garapenerako elkarteak Erdi Aroan jatorria duen azoka tradizionalaren bitartez, hiriko biztanleak nekazaritza eremura erakartzea nahi du, eta bide batez Gaubeako zein Añana osoko ekoizleen produktuak zabaldu, eta sakabanatuta dauden herri txikien biztanleen artean topagune bat sortu.

Goiz osoan zehar ekoizle ugariren produktuak egongo dira salgai santutegiaren inguruan: Idiazabal gazta, Arabako Errioxako ardoa, euskal pastela, sasoiko barazkiak, hestebeteak eta eztia, besteak beste. Aurten, horiekin batera, bertako abereak ezagutzeko aukera ere izango da, eskualdeko eta inguruetako ustiategietatik ekarriak (behiak, zaldiak, ardiak eta ahuntzak). 

Horrez gain, Magia gertutik ikuskizuna eskainiko da, eta Gesaltzako txarangak azokako txoko guztiak girotuko ditu. Boilur sukaldaritza taldeak txahalkia eta patatakin kozinatutako dastaketa eskainiko du. Aurreko urteko edizioan, mila plater banatu zituzten gerturatutako lagunen artean. 

Halaber, Angostoko azokaren ekintzen artean, Euskaraldiaren Añanako Kuadrillako batzordeak bertso-bazkari bat antolatu du; 15:00etan hasiko da, eta Paula Amilburu, Felipe Zelaieta, eta Rikardo Gonzalez de Durana bertsolariek parte hartuko dute.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide