Tokikoa, artisau erakoa, naturala eta ekologikoa. Hala aurkeztu dute Añanako Gatz Harana fundazioak salgai jarriko duen gatza. Gatz Fina izenez, egunero erabiltzeko gatza izango da.
"Berrikuntza eta kontsumitzaileen gustuekin bat egitea oinarrizkoak dira guretzat, Euskadin gatz-ekoizle bakarrak gara eta gure gatza Euskadiko Gatza, Sal de Euskadi, Basque Salt izatea nahi dugu", adierazi du Andoni Erkiaga Gatz Harana fundazioko zuzendariak.
Orain arte saltzen zen Iturburuko Gatza gatz lodia fin bihurtzeko azkeneko ehotze-prozesu bat igaroko du, teknika tradizionalen bitartez, eta prest egongo da egunerokoan erabili ahal izateko. 750 gramoko pakete beltzetan salduko dute, irailetik aurrera.