Gazte Rock udalekuetako 50 gazte Gesaltza Añanako igerilekuetatik kanporatu zituzten atzo arratsaldean, kamiseta jantzita zeraman lagun transgenero bati bainua debekatu, eta, elkartasunez, denak uretara jantzita bota ostean. "Denak kamisetarekin!" oihukatuta egin zuten jauzi uretara.
Igerilekuko sorosleak kotoizko kamisetekin ezin dela uretan sartu gogoratu zien gazteei, fibrazkoekin bakarrik, eta gazteak halakorik ez zuenez bainua debekatu zion. Debekuaren aurrean, kamisetekin uretara salto egitea erabaki zuten denek. Sorosleak Ertzaintzari deitu eta bertatik kanporatu zituzten gazteak.
Genero ikuspuntua lantzen duen Aluak taldeak jakinarazi duenez, Gazte Rock udalekuetako begiraleek sorosleari egoera zein zen azaldu zioten arren, hark ez zion baimenik eman gazteari kamisetarekin uretan sartzeko. "Gure elkartasuna eta babesa diskriminazio transfoboa jasan duen gazteari. Gora gazteria solidarioa!", adierazi dute ohar batean.