Udarako planak, Araban

Zaldunek zapaldu zuten bidea

Erredakzioa 2018ko abu. 17a, 07:00

Harriak, historia, ura, natura eta paisaia ikusgarriak nahasten ditu Gazteluen Bideak txango lasai batean; Zabalateko eta Lanosko gotorlekuak lotzen ditu, eta Bergantzutik igarotzen da, Jugalez ibaiaren parean.

Arabako gaztelu nabarmenetako bi ezagutu nahi dituenak ezin du Zabalate, Bergantzu eta Ozio herriak  zeharkatzen dituen Gazteluen Bidea (PR-A34) galdu; Erdi Aroko zaldunen liskarren lekuko izan ziren haitzarteak eta paisaiak gozatuko ditu, eta tarte batez Jugalez ibaiaren parean ibiliko da. Bideak duen balore historikoari ingurunearen balore naturala batzen zaio, ibilbidearen trazadura ia osoa (%97) natura gune babestuetan baitago: Natura 2000 Sarean, Paisaia Bikain eta Berezien Katalogoan jasotako eremuetan, onura publikoko mendietan edota korridore ekologikoetan.

 

Ibilbide ohikoenak Zabalate herrian du abiapuntua, eta inguruneko herritarrentzat erreferentzia bisuala eta mugarria den gaztelu zaharra da lehendabiziko helmuga. EHUko Jose Luis Solaun ikertzaileak jaso duenez, gaur egungo gotorlekua XI. mende hasieraren eta XII. mende erdialdearen artean eraikitakoa da; erregearen titulartasunpean egon zen, baina tokiko eta eskualdeko aristokrazia garrantzitsuek kudeatu zuten, eta botere publiko eta pribatuaren arteko harreman konplexuen lekuko izan zen, eta, noski, baita gotorleku horrek izan zitzakeen funtzio ugarien lekuko ere.
Talaia ikusgarrian dago gaztelua, 789. metroan, itsasontzi itxurako harkaitz baten izkina batean. Bertatik, lurraldearen 360 graduko bista ederra dago, eta gazteluaren harresitutako eremua eta antzinako Villavieja hiribilduaren abarrak ageri dira. EHUko Ondare Eraikiari buruzko Ikerketa Taldeak jaso duenez, XV. eta XVI. mendeen artean abandonatu zuten gaztelua, eta ordutik espoliazioa izan da inguruan. Villavieja hiribildua ere, XVI. mendean utzi zuten biztanleek, eta beheko herrira jaitsi ziren. Hiribildu zaharra milaka tona lurrekin estali eta nekazaritza laboreak egiteko erabili dute, gaur egun arte.
1040. urtean jazo zen Zabalateko gazteluari buruzko lehenbiziko arrasto idatzia. Iruñeko Garcia Sanchez III. erregeak Estefania de Foix erreginari gaztelua oparitu ziola diote izkribu zaharrek. Alta, gotorlekuaren fundazioa lehenagokoa dela uste dute ikertzaileek, ziurrenik Euskal Herrian X. eta XI. mendeen artean sortu ziren gotorlekuen garaikoa.
Zabalate atzean utzita, Oziora abiatzen da bidea, ibilbide estu eta eder batetik. Jugalez ibaira hurbiltzen garen aldi berean, ikusiko dugu Lanosko haitz handiaren gainean eraiki zuten izen bereko gaztelu zaharra. Ozio herria zeharkatu eta gero, asfaltozko bide batetik Lanos gaztelura igo daiteke.
Urrunetik ikusten den ohiko haitz-gaztelua da Lanosko mendiaren gainean eraikitakoa; Jugalez ibaiaren harana erabat menperatzen dituzte harri zaharrek. 1999. urtean gotorlekua garbitzeko eta babesteko proiektua martxan jarri zuten, eta hainbat taulatan jasotzen da orain tokiaren historia.
Zabalatekoa bezala, Gaztelako eta Nafarroako erresumen arteko muga finkatzeko saiakeran eraiki zuten Lanos. XII. mende hasieran dorre bakarra egin zuten, baina XIII. mendean sortu ziren gatazkak medio, babeserako eremua zabaldu eta gotorlekuaren hainbat eraikin egitea erabaki zuten garaiko zaldunek. Helburu militarraz harago, herritarrak erakartzeko gunea izan zen Lanosko gaztelua; izan ere, Ozio herria azpian sortu zen, eta inguru horretan jaio zen Ozioko jaurerria ere, Arabako historian garrantzi handiko leinua.
Gaztelura igotzen den bide beretik jaitsi, eta Bergantzu aldera doan pistatik jarraitu ahal da. Hiribildu eder hau bi auzoz osaturik dago, Goiko auzoa eta Beheko auzoa, Jugalez ibaiak banatuta, eta bi zubik lotzen dituenak.
Bergantzutik Zabalatera itzuli beharrean, aukera freskagarria izan daiteke, Artikuatxako sakana zeharkatuz, lau metroko Herrerias ur-salto ederraz gozatzera hurbiltzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago