A-1 autobia eta AP-1 autobidea Armiñon eta Arasurreko sarbideen parean bat egiten duten gunea hobetu nahi du Arabako Foru Aldundiak, eta horretarako harremanetan jarri da Josu Lopez Ubierna diputatua Espainiako Sustapen Ministerioarekin. Hala azaldu du gaur Batzar Nagusietan egin duen agerraldi batean: "Azken hilabeteotan lanean jardun gara Sustapen Ministerioarekin hainbat gairen inguruan, besteak beste, A-1 eta AP-1 errepideen arteko banatze eta bateratze guneak hobetzeari buruz, Armiñonen, segurtasuna handitzearren eta auto ilarak gutxitzearren; horrekin batera, lotura berri bat sortzea proposatu dugu, AP-1 eta Arasur artean".
Lopez Ubiernak adierazi du Espainiako Sustapen Ministerioak AP-1 autobidea, Burgos eta Armiñon artean, doakoa izateko hartutako erabakia berri ona dela, "bete egiten baita bikoiztu gabe dagoen N-1 errepidearen zati bakarraren segurtasun arazoak konpontzeko konpromisoa".