Lupulua hazteko esperimentu bat, Escanzanan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko uzt. 5a, 07:00

Angel Lopez de Torre nekazariak lupulu landaketaren berri eman du. ALEA

Sei lupulu mota landatu zituzten iaz, modu esperimentalean, 1.200 metro koadroko lursail batean; Euskal Herriko osagaiekin eginiko garagardoa ekoiztea da asmoa.

Azken bost urteetan garagardo artisaua egiten duten hogei bat fabrika berri zabaldu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Mota honetako garagardoaren kontsumoa, Europakoarekin alderatuta, oso txikia da gurean, –kontsumo osoaren %1era ez da iristen–, baina goranzko joera hartuko duela aurreikusten dute produktoreek.

Euskal Herriko ekoizle artisauek tokiko lupuluaren beharra dute. "Erabiltzen ditugun lupulu motak bereziak direlako, eta ez direlako erraz lortzen; gainera, nahiko genuke bertako osagaiekin egitea gure garagardoa". Jabi Ortega Euskadiko Garagardogileen Elkarteko lehendakariak azaldu duenez, batik bat barietate aromatikoak erabiltzen dituzte artisau garagardoa egiteko, eta egun Ameriketako Estatu Batuetatik, Alemaniatik eta Zeelanda Berritik inportatu behar dute lupulua.

"Behar handia"

Mikaztasuna, zaporea eta aroma ematen dizkio lupuluaren loreak garagardoari, eta halaber egonkortzaile eta antioxidatzaile naturala da: "Garagardo industrialek antioxidatzaile  artifizialak dituztenez, lupulu gutxiago behar dute,  hiru edo lau gramo litroko erabiltzen dute, baina guk, berriz, zazpi gramo erabiltzen ditugu litroko, eta modan dauden Ipa bezalako garagardoetan hamar gramo ere erabili ohi dira".

Lupuluaren behar handia dutelako sartu dira Euskal Herriko  hainbat garagardogile UAGAk sortu eta Eusko Jaurlaritzak bultzatu duen Lupulus izeneko proiektuan. Ekoizleekin batera nekazari ausart bat ere batu da Araban lupuluaren laboreak eskaintzen dituen aukerak probatzera. Berantevillako Escanzana herrian, 1.200 hektareako lursail bat du Angel Lopez de Torrek, eta iazko apirilean landatu zuen bertan hainbat lupulu landare, sei motakoak.

Hamar urteko azterketa

Esperimentuaren berri eman die UAGA sindikatuak bere afiliatuei aste honetan Berantevillan egin dituzten tailer eta bisita batean. Helburua nekazari gehiago labore horretara erakartzea da.

Neikerreko, Aztiko eta AGAko teknikoak ere topaketa horretan izan dira. Izan ere, hamar urtez aztertuko dituzte Neikerren nola egokitzen diren landarearen barietate desberdinak Arabako eguraldira eta lurrera, eta nola jokatzen duten gaitzen aurrean; halaber, banan-banan aztertuko dute landare bakoitzak eman dezakeen produkzioa.

Roberto Perez Parmo Neikerreko teknikoak nekazarien aurrean azaldu duenez, haientzat landare berria da lupulua, eta "lursail esperimentalari esker" ikusi nahi dute nola egokitzen den inguru horretara. Izan ere, lupulua Araban landatzen duten lehendabiziko aldia da, nahiz eta hainbat herritako ibaiertzeetan berez hazi ohi den lupulua. 

Labore horretan esperientzia handiagoa duten Erriberrin (Nafarroa), eta CirueÒan eta Leonen (Espainia) izan dira Neikerreko teknikoak, eta han erabiltzen dituzten teknikak baliatu zituzten iazko apirilean Escanzanako lursail esperimentala martxan jartzeko.  

Paisaia bitxia

Landare igokaria denez, sei metroko altuerako zutoinak jarri behar izan dituzte lursailean, eta landareak igotzeko kable eta soka bidezko egitura sendo bat. Arreta deitzen duen paisaia osatzen dute lupuluaren landareek Lopez de Torreren lursailean. Irailean jasoko dituzte lupuluaren loreak, eta lehortu ondoren, zuritu eta proiektuan parte hartzen duten garagardogileen artean banatuko dituzte. Orduan, euskal lupuluarekin lehen garagardoa egin ahal izango dute artisauek. 

UAGA nekazarien sindikatuak abian jarritako egitasmoak Euskal Herriko garagardogile ugariren interesa piztu du; parte hartzen ari dira, besteak beste, Donostiako Gar & Gar, Mungiako Boga, Bilboko La Salve, Aguraingo Olbea, Errenteriako Licoreria Vasca Olañeta eta Euskadiko Garardogileen Elkartea bera.

Halaber, Eusko Jaurlaritzaren  Azti, eta Neiker teknologia guneen aholkularitza izango dute nekazariek hurrengo hamar urteetan, baita AGA kooperatibaren laguntza ere.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago