Arasurreko merkantzia-bazterbidea urbanizatzeko proiektuaren obrak datorren astean hasiko dira, eta Bilboko Portuko Agintaritzak ordainduko ditu. 4,82 milioi eurokoa da obraren esleipen-aurrekontua eta hamar hilabeteko epean egin beharko da.
Alde batetik eraikiko da merkantzia-bazterbidearen ondoko biltegiratze-eremua –40.000 metro koadro ingurukoa–, eta plataformara iristeko bidea –120 bat metrokoa– urbanizatzeko obrak egingo dira. Bestetik, 300 metro koadroko gerentzia-eraikin bat egingo da, 150 metro koadroko bi solairutan banatua, eta merkantziak biltegiratzeko nabe bat, 500 metro koadro ingurukoa, aurrerago handitu litekeena behar izanez gero.
Arasurreko tren-plataformaren obrak iragan urteko azaroan amaitu ziren; 5,28 milioi euroko inbertsio-aurrekontua izan dute, eta 15 hilabetetan egin dira. Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Bilboko Portuko Agintaritzak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten plataforma logistiko horretan Bilboko Portuaren tren-base operatibo bat instalatzeko.
Erakundeek aurkezturiko kalkuluen arabera, 6,3 milioi tona esportatzen edo inportatzen dira, errepidez edo Bilbokoa ez den beste portu batzuen bitarteaz Arabatik eta Arabara, eta handik hurbilen dauden Errioxako eta Nafarroako eskualdeetatik eta haietara. 6,3 milioi tona horietatik, 2,2 Bilboko Portura bidal litezke Arasurreko tren-plataformarekin elkarlanean jardunez gero.