Uribarri Gaubeako hondakin urak Gaubeako araztegi nagusira eramateko hodi biltzailea eraikitzeko proiektua onartu du foru gobernuak. 789.305 euroko aurrekontua izango du obrak.
Gesaltza Añanan eta Tuestan hodi biltzaileak eraikitzeko lanak bukatuta daude eta araztegi nagusira eramaten dituzte dagoeneko beren hondakin urak. Halaber, bukatzear daude Villanañeko, Angostoko kanpineko eta santutegiko loturak. Hurrengo urratsa Uribarri Gaubea ere araztegi horrekin lotzea izango da.
Arabako Foru Aldundiak Añanako arazketa hobetzeko gauzatu dituen obretan 2,8 milioi euroko inbertsioa egin du. Helburua Omecillo ibaiko uraren kalitatea hobetzea izan da, ibai hori kontserbazio bereziko eremu (KBE) izendatuta baitago.