Arabako Foru Aldundiak uste du berri ona dela AP-1 autobidea liberalizatzea: "Milaka arabar izango dira segurtasun eta erosotasun handiagoa emango duen neurriaren onuradunak", esan du Josu Lopez Ubierna Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatuak. Ubiernak iragarri duenez, Espainiako Sustapen Ministerioarekin biltzeko eskatuko du "sakon aztertzeko nola eskualdatuko zaion autobidearen Arabako tartea Foru Aldundiari, eta zein jarduera egin beharko diren Armiñongo ordainsari guneak kentzeko eta N-1 autobiarekin lotzeko eta integratzeko”.
Jose Luis Abalos Espainiako Gobernuko Azpiegitura ministroak hedabide batean eginiko elkarrizketa batean iragarri du Araba eta Espainia lotzen dituen AP-1 autobidea erabiltzea doan izango dela abendutik aurrera. Europistas enpresak du azarora arte AP-1 autobidearen kontzesioa zati horretan. Espainiako Gobernuak doakotasunaren froga egin nahi du Armiñonen, eta horrek ematen duen emaitzaren arabera joango da beste autobideetan ere ordainsariak kentzen.