"Pausu erraldoia eman dugu ingurumenaren zaintzaren aldetik"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko mai. 17a, 16:33
Andoni Erkiaga Gatz Harana Fundazioaren zuzendaria da. E.U.

Gatz Harana Fundazioaren zuzendari Andoni Erkiagarentzat inportantea da ikusaraztea Añanako gatzagak sistema konplexu baten parte bat direla.

"Añanako Gatz Harana. Aire zabaleko ikerketa-laborategia" izeneko jardunaldi zientifikoekin itxi du Gatz Harana Fundazioak urte betez hainbat ikertzailek lekuan bertan egin duten lana. Fundazioaren zuzendari Andoni Erkiagak (Ea, Bizkaia, 1961) azaldu du ikerkuntza eta garapen zientifikoa bultzatzearekin batera, etorkizunerako bide-orri xehatu bat dutela. Ingurumenaren babesa eta aberastasun ekologikoa zabaltzea, turismo inklusiboa sustatzea, gatz produkzioaren berrikuntzan sakontzea eta munduan proiektua ezagutaraztea dira lan ildo nagusiak. Egunen batean Gesaltza Añanako gatzagak Munduko Ondare izendatuko dituztela ziur da Erkiaga, baina epe motzean Unescoren aurrean hautagaitza aurkeztea ez da Fundazioaren lehentasuna: "Ez dago presarik".

Fundazioak jardunaldi zientifikoak antolatu berri ditu. Zer helbururekin?

2015 eta 2019 urteen bitarteko Plan Estrategikoan jasotzen da ekintza nagusietako bat bezala unibertsitatearekin eta zientziaren alorreko profesionalekin elkarlana bultzatzea, helburu argi batekin: Añanako Gatz Harana aire zabaleko ikerketa-laborategia izatea.

Ikerkuntzari begira ere toki berezia da Gatz Harana?

Historia, arkeologia, geomorfologia, hidrogeologia, mikrobiologia, botanika, zoologia… jakintzaren hainbat diziplinekin zer ikusia du eta zer esateko asko du Gatz Haranak. Fundazioaren ibilbidean, 2010. urtetik gaur egun arte, lan handia egin da historia, arkeologia edo arkitekturaren alorretan, baina hutsune oso handi bat izan dugu gainerako diziplinetan. Hortaz, 2016. urtean hitzarmena sinatu genuen EHUrekin, eta horrek eman zuen oinarria urtebetez garatu den ikerketa bati ekiteko.

Zer ikerketa proiektu da hori?

Bost ikertzaile talde egon dira lanean urtebetez, eta maiatzaren 10ean workshop bat antolatu genuen ikertzaile horiek ikerketen ondorioak plazaratzeko. Hamalau txostengile izan genituen, eta horien artean sei katedradun; lehen mailako jakinarazpenak izan ziren alor guztietan. EHUko, Alacanteko eta Valladolideko unibertsitateetako irakasleak izan ziren, Espainiako Ikerketa Zientifikoko Kontseilu Goreneko arduradunak eta Neikerreko ikertzaileak ere. Zaila da esatea zeintzuk izan diren ekarpen nagusiak, denak oso inportanteak izan direlako.

Ikerketa lan horrekin aurrera egingo duzue?

Bai, dagoeneko zirriborro bat egin dugu, eta hemendik gutxira sinatuko dugu hitzarmenaren luzapena 2018. urtera arte. Harreman berezia izan nahi dugu ikerketaren eta unibertsitatearen munduarekin.

FAOren nekazaritza ondareko zerrendan sartu da Gatz Harana. Zer garrantzia du izendapenak? 

Munduko Nekazaritza Ondarearen Sistema Asmotsuen zerrendan sartzen den Europako lehenengo eremua da, eta hori oso inportantea da. Batetik, egindako lan ona saritzen dute; hamar urte daramatzagu gogor lan egiten, eta harrotasunez hartu dugu errekonozimendua. Aitortza komunitate osoarentzat da, herriarentzat eta euskal erakundeentzat. Beste alde batetik, argi dago Gatz Harana munduko mapan jartzen duela, eta horren eraginez bisitarien kopurua eta gatzaren salmenta handituko direla. Teoria arloan ere oso inportantea izan da FAOren hautagaitza prestatzeko egin dugun prozesua, asko ikasi baitugu Gatz Haranari buruz.

Zer ikasi duzue?

Guretzat oso inportantea izan da ikuspuntua aldatzea. Prozesu honetan sartu baino lehen, Gatz Haranari buruzko ikuspuntu itxia genuen, eta prozesuari esker fokua zabaldu dugu eta ikusi dugu Gatz Harana ikuspuntu sistemiko batetik. Gatz Harana arrautza frijitu baten gorringoa izango litzateke, oso zati inportantea, baina zati bat, sistema oso konplexu baten parte bat. Ikusten ez den sistema hori diapiroa da, lur azpian dagoena, eta azalean ikusten dena esplikatzen duena. Hausnarketa handia egin dugu.

Hainbat ekimen abian jarri dituzue azken hilabeteotan: lorategi botanikoa, ingurumen ibilbidea... 

Agian jende askok ez daki, eta azpimarratu behar dugu Gatz Harana Ramsar hezegunea dela eta Añanako biotopo babestuaren barruan dagoela; ingurumenaren aldetik gune bitxia eta balio handikoa da. Legealdiaren hasieran Arabako diputatu nagusiak argi utzi zuen hobetu behar dela ingurumenaren kudeaketa, eta ildo horretan bi ekintza nagusi proposatu dira. Ingurumen Ibilbidea da bat; apirilaren 23an inauguratu genituen lehenengo 400 metroak. Hiru fase izango ditu, Jaurlaritzaren Ingurumen sailak finantzatu du 450.000 eurorekin, eta aberastasun ekologikoa ezagutarazteko balioko du. Lorategi botanikoa da bigarrena, oso inportantea. Hemendik gutxira inauguratuko dugu, eta bi gune izango ditu, ingurune gazian hazten den floraren interpretaziorako gune bat, eta flora hori bizkortzeko eta ikertzeko gune bat, laborategi txiki bat. Diputazioaren Ingurumen sailak babestutako gunea izango da. 

Asmo gehiago dituzue esku artean? 

Bai. Hirugarren ekimen bat dugu, lorategi botanikoarekin eta ingurumenaren ibilbidearekin lotuta. Bi larrain sistema berreskuratu ditu Fundazioak, eta Muera ibaiaren gainetik pasatzen zen hormigoizko zubi bat kendu eta egurrezko batekin ordezkatu dugu. Zubi honen bitartez lotu ditugu gune botanikoa eta ingurumen ibilbidea, hortaz, hemendik gutxira ikusi ahal izango ditugu ingurumenaren zaintzarekin lotuta  dauden ekinbide guztiak: ibilbidea, larrainak berreskuratuta eta lorategia. Pausu erraldoia eman dugu ingurumenaren zaintzaren aldetik.

Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 150. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide