Katalina izeneko marigorringo batek erakutsiko die haurrei Santa Katalinako lorategi botanikoak gordetzen duen ondarea. Hilabete bakoitzeko lehen iganderako prestatu dituzte haurrak zein nagusiak artatuko dituen bisitaldi gidatuen programa berria.
Gasteizko zenbait ikastetxetako haurren aurrean egin zuten atzo lehen antzezpena, Aldundiaren jauregian. Ekitaldi berean aurkeztu dute Santa Katalina. Tximeleten lorategia izeneko komikia. Hau ere umeei zuzenduta dago, eta lorategira bertaratzen direnei emango diete, bisitaldian ikusi eta ikasitakoaz ahaztu ez daitezen.
Aldundiak zabaldutako oharraren arabera, Velutino izeneko liztor “gaizto” bat azaltzen da bertan, vespa velutina Asiako liztor ezaguna irudikatzeko. Bai bisitaldietan zein komikian gidoi berdina jarraitzen dute: Katalina marigorringoa lorategiaren zaintzailea da, eta hara joaten diren animalia guztiei ongietorria egiten die, lorategiko txoko guztiak erakutsiz. Orain arte haur bisitariei fotokopiaz osatutako pista joko bat ematen zitzaien.