Kuartangoko urak, sendagarri

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko mai. 7a, 08:00
Zuhatzu-Kuartangoko bainuetxea 1900 urtean. Arabako Artxibo Historikoaren Funtsatik (ATHA-DAF-GUE-4679)

Idoia Garaizabal medikuak saria jaso du Zuhatzu Kuartangoko Iturri beltzaren ur sufretsuek izan ditzaketen erabileren inguruan aurkeztu duen proiektuagatik; asmoa martxan jartzeko inbertitzaile bila ari dira orain. 

Araba Ekinean saria jaso du Idoia Garaizabal medikuak Zuhatzu-Kuartangoko iturburuaren ur sendagarriak berreskuratzeko aurkeztu duen egitasmoagatik. Antzinako bainuetxean erabiltzen zituzten ur mineralek epe ertainera izan ditzaketen hainbat erabilera aztertu ditu Gasteizko Etermal enpresako buruak.  Garaizabalen esanetan, Zuhatzu-Kuartangoko iturburuaren urak apartekoak dira medikuntza termalerako: "Ur sufretsuek propietate ugari eta onenetarikoak dituzte, antioxidatzaile asko eta erradikal askeen kontzentrazio altua, besteak beste".

Hidrologia medikuan espezialista da Garaizabal, "medikuntzaren espezialitate bat da, baina ez da batere ezaguna", aitortu du. Orain dela bi urte bainuetxeen mundua utzi, eta klinika termal bat  zabaldu zuen Gasteizen. Bertan tratamenduak egiten dituzte. "Arnas aparatuaren eta otorrinolaringologiaren alorrak lantzen ditugu, baita azalean izan daitezkeen arazoak eta gaitz traumatologikoak ere, artrosiak eta abar". 

Garaizabalek azaldu duenez, hidrologia medikuarekin loturik badira laborategi txikiak iturburuak erosi eta zenbait produktu garatu dituztenak. Alor horretan lan egiteko gogoz egin du medikuak Kuartangoko iturburuaren inguruko proiektua, eta ideia gauzatzeko jada Kuartangoko Udalarekin hitz egin du, bera baita iturburuaren jabea. Ideia oso interesgarria iruditu zaio Udalari, eta erabateko babesa erakutsi diote.

Dena den, arazo potoloa dago  ura berehala erabiltzen hasteko. Hain zuzen, bainuetxearen plazaren azpian dagoela iturburua, hormigoituta. Hortaz, ur sendagarria erabili nahi izanez gero, lehenbiziko pausua da hormigoia zulatu, hodiak sartu eta ura ateratzea.Hori egiteko dirua behar da, 40.000 euro inguru. "Inbertitzaileak bilatzen ari gara –esan du Garaizabalek–; oso proiektu interesgarria da, baina nik diru guztia eta gehiago klinika zabaltzeko inbertitu nuen, eta Udalak diru-laguntzak bainuetxearen eraikina konpontzera bideratu ditu". 

Hiru erabilera

Proiektuarekin "maitemintzen" den inbertitzailea aurkitzen duen bitartean, merkatu ikerketa ere egin du Garaizabalek, eta Zuhatzu-Kuartangoko iturburuak hiru erabilera izan ditzakeela ikusi du. Batetik, uraren erabilera kosmetikoa: "Kosmetika enpresa asko linea termalak erosten ari dira, eta uste dut Arabako industria kosmetikoa prest egon daitekeela Kuartangoko iturburutik ekoiztutako produktu termalak merkaturatzeko". Gainera, epe laburrean merkaturatu daitezkeen produktuak dira, kosmetikoak izateagatik ez baitute uraren onura publikoaren aitorpena behar.

Bigarrenik, produktu terapeutikoak sor daitezke, esate baterako, arnas aparatuaren gaitzak arintzeko erabiltzen direnak. "Ur sufretsuarekin sendaketa asko egiten dira otitisak, errinitisak edo alergiak arintzeko; kortikoideen ordez ura bezalako elementu naturalak erabili daitezke" nabarmendu du medikuak.  Horretarako osasun ziurtagiria tramitatu behar da, eta epeak luzatuko lirateke, "baina oso garrantzitsua da, elementu bereizgarria izango litzatekeelako eta iturburuari balorea emango lioke".

Hirugarrenik, botilako ura merkaturatzeko aukera dago, Garaizabalek nabarmendu duenez. "Digestio-aparatuaren gaixotasunak arintzeko balio du, gastritisak esate baterako, eta halaber, ur sufretsuek gaitasuna dute estres metabolikoa murrizteko erradikal aske ugari dituztelako, eta horregatik, egun, asko erabiltzen dira ur mineral hauek kirolarien artean". 

Produktu kosmetikoak merkaturatzeko lizentzia berezirik behar ez bada ere, gainerako bi erabilera egiteko uraren onura publikoaren aitorpena eskatu behar dute, eta horretarako hamabi analitika egin behar dizkiote Zuhatzu-Kuartangoko urari. "Orain dela bi urte iraungi zitzaion aitorpena Udalari, beraz ez da zaila izango berreskuratzea", esan du  medikuak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide