Gure bazterrak

Armiñon, bidesariaren atzean bada zer

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2020ko abu. 24a, 08:30

Armiñon aipatuz gero, burura etortzen zaizkigu lehengo AP1 errepideko bidesaria eta udako oporretan izaten ohi ziren auto-ilarak. Armiñon aipatzen da sarri, baina oso gutxitan hitz egiten da ingurune ederraren xarmari buruz, historia luzearen eta herriko eguneroko jardunaren inguruan.

Estavillo eta Lacorzanarekin batera, udalerria osatzen du Armiñonek, eta bertako Udala hartzen du.

Egun, Añanako Kuadrillako parte bada ere, Trebiñuko konderriaren zati bat izan ziren Armiñon eta Estavillo XV. mendera arte. Aramignon gisa jasota dago Donemiliaga Kukulako Reja agirian (1025), eta Trebiñuko forua jaso zuen 1274ko martxoan. XI. mendetik Trebiñuko konderriaren barruan zeuden Armiñon eta Estavillo, baina 1403an kontzeju bakarra osatu zuten eta Araba administratiboaren zati izatera iragan ziren.

Lehen Karlistaldian, Armiñongo zubia dinamitatu zuten

Zadorra ibaiaren ertzean kokatuta dago Armiñon, eta, besteak beste, ikusgarria da ibaia zeharkatzen duen zubia. Sei begi ditu, horietako bi zorrotzak dira, eta beste lau erdi-puntukoak. Jatorrizko eraikuntza lana Erdi Aroko zubien eredua jarraituz egin zuten, XIV. mendearen inguruan, baina hainbat moldaketa egin dira ostean.

Izan ere, Lehen Karlistaldian zubia dinamitatu zuten, eta 1845. urtean berri bat eraikitzea erabaki zuten, zabalagoa eta aldapa txikiagoarekin. Errioxatik eta Burgosetik iparraldera joaten ziren bideak artikulatu zituen Armiñongo zubiak, eta Frantzia Madrilekin lotu zituen Postako Errege Bidearen bidez.

Errege Bidea mantentzeko zenbait bidesari jarri zituzten XVIII. mendearen bukaeran. Hala, Armiñongoa zeharkatzen zuen gurdi bakoitzari lau eta zortzi erreal arteko zerga jartzen zioten, eta hamabi eta hamasei bitarteko marabedi zerga mandazain bakoitzari.

Urtero, maiatzean, auto klasikoen topaketa antolatzen dute herrian, eta dozenaka ibilgailu biltzen dira herriko kaleetan. 

Kuadrilla: Añana.

Udalerria: Armiñon.  

Biztanleak: 116 (Eustaten 2017ko datuen arabera).

Bitxikeria: Gaspar Montoia Bartzelonako inkisidorea Armiñonen jaio zen; Salamancako apezpikua izateko bezperan hil zen.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago