Trenbideak herria erditik zatitzen duen arren, Manzanosko bizilagunek ez dute trena hartzen; autobusak ere ez dituzte erabiltzen, nahiz eta N1 errepidetik bi kilometrora bizi diren. Berrehun biztanle dira, eta dirutza gastatu behar dute, egunero, auto partikularretan Gasteizera lanera edo ikastera egin behar dituzten kilometroko joan-etorrietan. Ez dute gustuz egiten, nahiko lukete garraio publikoa erabili, baina Adifeko tren zerbitzua "eskasa eta garestia" da, eta Diputazioak ukatu die autobus geltoki bat herrian izateko eskaera, Manzanosko sarrera "oso aldrebesa" dela argudiatuta, eta, halaber, hiriarteko autobusak herrira sartzeko denbora asko galduko lukeela.
Erriberabeitiko Manzanos herriko ordezkariek Arabako Batzar Nagusietan azaldu dute garraio publikoa ez izateak eragiten dizkien trabak, ezinegona eta kezka.
N1a ondoan, sarbiderik gabe
Hogei urte daramatza Mari Carmen Zamoranok Manzanosen, eta, gogoratu duenez, N1 errepidea berritu baino lehen, bizilagunek Gasteizko autobusa hartu nahi zutenean, errepidearen errei bat zeharkatu behar zuten, beste aldean zegoen geltokira iristeko. "N1a berritzeko obrak hasi zirenean, Diputazioak sarbide txarra konpondu eta berri bat egingo zuela pentsatu genuen; baina ez zen horrela izan, ArmiÒonen eta Argantzunen egin zituzten sarbideak, baina Manzanosen ez".
Eta, hain zuzen, sarbide falta da Arabako Diputazioak erabiltzen duen argudio nagusia bizilagunei hiriarteko autobus zerbitzua ukatzeko. Javier Argote bizilagunak azaldu bezala, 2014. urtean eskatu zuen Manzanosko Batzar Administratiboak autobusa herrian gelditzeko. Arabako Diputazioaren erantzuna 2017ko abenduan jaso zuten, lau urte geroago, esanez arazo teknikoak medio autobusa ezin zela Manzanosen sartu. "Arazo teknikoak diruarekin konpontzen dira –azpimarratu du Argotek–; sarbide txarra dugu Arabako Diputazioak N1a konpondu zuenean albo batera utzi gintuelako, eta sarbidea ukatu zigulako. Iraingarria da!".
Tren garestia
Autobus geltokia ukatzeko Arabako Diputazioak eman duen beste argudio bat da trena hiru aldiz pasatzen dela herritik eta zerbitzu horrekin nahikoa dutela. Argotek eta Zamoranok azaldu dutenez, Manzanos-Gasteiz bidaiak 3,40 euro balio du. "Nire kotxearekin ere ez dut hori gastatzen. Gainera, Argantzunen edo Langraiz Okan tren zerbitzua dute, eta ez diete geltokia ukatzen".
Bestalde, Argotek esan duenez, AÒanako Garraio Plan berriaren arabera, autobus zerbitzuak murriztu edo kenduko dituzte hainbat herritan, esate baterako ondoan duten ArmiÒonen, sarbide txarra eta eskaera txikia dagoelako. "Ez da harritzekoa, egunean bi autobus zerbitzu dituzte bakarrik, ez da erabilgarria". Hain zuzen, herrien arteko autobus zerbitzuaren baliagarritasuna ezbaian jarri du Argotek: "Alternatibarik ez duten lagunentzat da; beste erremediorik ez dugunean hartzen dugu autobusa, hori ez da garraio publiko duin bat. Gipuzkoan eta Bizkaian duten garraio sarea nahi dugu; arabarrak bigarren mailako herritarrak gara".