Hartara, benta ugari zabaldu dira herri txikiaren inguruan urteen joanean. Bidaiariak eta merkantziak jasotzeko etxe horietako asko XVIII. mendearen amaieran zabaldu zituzten, Urduña (Bizkaia) eta Ameyugo (Burgos) lotzeko, Bizkaiko Diputazioak Jaurerriaren Bidea egin zuenean. Apezpikuaren Benta, Mendiko Benta, Pinales Benta, Benta Zuria, eta Burguillosko Benta dira garai horretakoak. Azken biak salbu, beste guztiak desagertuta daude.
Benta Zuria edifizio dotorea da, Espejo eta Uribarri Gaubea lotzen duen egungo errepidean dago, Omecillo ibaiaren ertzean, 1778. urtean eraiki zuten zubi baten bestaldean; XX. mendean erortzeko zorian izan zen. Alta, Errepublika garaian, Fernando Artxoniz izeneko bilbotar batek jauregi itxura duen benta erosi eta eraberritu zuen; bertan zabaldu zuen 'Malta Cumbre' fabrika.
Bizkaiko kostaldetik Gaztelara joaten ziren mandazainen eta zamarien aterpea izateaz gain, Villa- maderne ezaguna da San Millan elizako kanpai-horma bitxiagatik. Ez dira ohikoak Euskal Herrian hiru maila dituzten kanpai hormak, eta gainera elizatik apur bat bereizita dago hau, eta arkudun ate zabal bat dauka beheko aldean, harresidun hiribildurako sarrera zen atea, hain zuzen ere.
Eliza erromanikoa da jatorriz, baina XIX. mendean eraberritu zuten. Orduan bota zituzten kanpai- horma inguratzen zituzten hainbat eraikin, hobeto ikusi ahal izateko. Halere, Arabako Munio kondearen seme Materna Muñozek Erdi Aroan eraiki zuen dorre-jauregi ikusgarria dago. Gotorleku gisa eraiki zuten, baina laster bihurtu zen jauregi. Inguruko leinuen arteko liskarren eraginez, jauregia sute batean desegin zuten Belasko etxekoek. Sarmientotarrek eraiki zuten berriro, orduan. Egun, Materna-Muñoz etxearen dorre- jauregia bezala ezagutzen da.
Fitxa:
Kuadrilla: Añana.
Udalerria: Gaubea.
Biztanleak: 37. (2017ko EUSTATen datuen arabera).
Bitxikeria: Cumbre izeneko malta fabrika bat egon zen herrian.