Zadorra ibaiak gainezka egiten duen bakoitzean Billodako bizilagunak isolatuta geratzen dira, herrian sartu eta atera ezinik; sarbide bakarra Erdi Aroko zubi bat da, eta maiz urpean geratzen da. Arazoa ez da berria, baina erakundeen aldetik ez zaio irtenbiderik eman orain arte. Egoerarekin gogaitua daude bizilagunak, eta aste honetan Diputazioari neurriak hartzeko eskatu diote, beste behin.
Hala, Iruña Okako udalbatzak aho batez mozio bat onartu du, Diputazioari sarbide berri bat eraikitzeko exijituz. Udalaren irudikoz, irtenbiderik egokiena zubi berri bat eraikitzea litzateke. Modu horretan oraingo zubia oinezkoentzat soilik izango da, eta uholdeak daudenean herritik ateratzeko eta sartzeko arazoak ekidituko dira. Billodako Batzar Administratiboak aspaldi eskatzen ari da zubi berri hori eraikitzeko.
Alta, 2016. urtean Arabako Diputazioak zubi berri bat eraikitzeko aukera baztertu zuen, ingurumen arazoak medio. Josu Lopez Ubiernak Herri Lan eta Errepideetako diputatuak Erdi Aroko zubia handitzeko proiektua aurkeztu zuen. Plan horren arabera, zubi-brankak handitu eta igoko zituzten –orain aldapan daude–, eta errepidea konponduko zuten.