Arasurreko lehendakaritza hartu eta alkate kargua utzi du Peio Ruizek

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko ots. 13a, 12:09

Miren Santamariak hartu du alkatetza kargua Erriberabeitin, Peio Ruizen ordez.

Erriberabeitiko alkate Peio Ruizek kargua utzi du, Araba Logistica taldeko lehendakaritza hartzeko. EAJko Miren Santamaria da, hilaren 6tik, Erriberabeitiko alkate berria.

Karguen bateraezintasuna dela eta utzi behar izan du Peio Ruizek Erriberabeitiko alkatetza, Ribabellosako Arasur parke logistikoa kudeatzen duen taldearen lehendakaritza hartzeko. Iragan astean, hilaren 6an ospatutako udalbatzan karguari uko egin zion Ruizek. Dena dela, zinegotzia izaten jarraituko du.

Miren Santamariak ordezkatuko du Ruiz. 2015. urtean EAJk aurkeztu zuen hauteskunde-zerrendan bigarrena da Santamaria, eta gaurdaino alkateordearen kargua okupatu du. Ribabellosan bizi da, eta hezitzailea da.

Iragan asteko udalbatzan azaldu zuen Ruizek aspaldi proposatu ziotela Arasurreko akziodunek –Kutxabank, Merlin, Arabako Aldundia eta Eusko Jaurlaritza– Araba Logistica taldeko lehendakaritza hartzea, baina hasiera batean ezetz erantzun zuela: "Dena den, azkenik, hainbeste tematu direnez gonbidapena onartu behar izan dut, eta uste dut Erriberabeitiko udalerriarentzat onena egin dudala". EAJren aldetik ere Arasurrreko lehendakaritza kargua onartzeko gomendatu diotela aitortu du Ruizek. 

Orain arteko alkateak azpimarratu duenez, "oso ibilbide korapilatsua izan duen proiektua da Arasur, eta lan handia egin behar dugu hemendik aurrera parkea bultzatzeko; denbora asko dedikatu behar zaio enpresa berriak erakartzeko eta lanpostu berriak sortzeko". Ruizek Araba Logistica taldeko akziodunen batzarretan parte hartu du orain arte, Udalaren izenean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago