Erriberagoitiko eta Kuartangoko bizilagunek sinadura bilketa hasi zuten urtarrilean, orain dagoen medikua kargutik kendu, eta lehengo medikua itzuliko zela jakin zenean. Nahitaezko erretiroa eman zion Osakidetzak, 67 urte bete zituenean, ordurarte Pobeseko eta Zuhatzu Kuartangoko kontsultategietan herritarrak artatzen zituen medikuari, baina honek Osakidetzaren erabakia errekurritu zuen, eta urtarrilean EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion. Hortaz, printzipioz herrira itzuli behar zen, orain dagoen pertsona ordezkatuz.
Horren berri izan zutenean protesta adierazteko idatzi bat prestatu zuten herritarrek, Osakidetzari euren ezinegona adierazteko, eta egungo medikua bere lanpostuan jarraitzea eskatzeko. Azaltzen zutenez, "medikua izateko bokazioa behar da, eta landa eremuko medikua izateko, gainera, enpatia behar da"; gaineratu zutenez, egungo medikuak "landa eremuko jendearen irribarrea lortu du, eta egindako lan guztia pikutara botatzea ez da onargarria".
Osakidetzari ez ezik, Kuartangoko eta Erriberagoitiko udalei ere helarazi zioten idatzia, eta udalbatzek bat egin zuten bizilagunekin. Alkateek, gainera, Osakidetzako arduradunekin bilera bat eskatu zuten, herritarren kezkaren berri emateko. Bilera horretan Osakidetzak herrietako alkateei azaldu berri die, EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiaren kontrako kasazio errekurtso bat aurkeztu duela, eta, momentuz, lehengo medikua ez dela itzuliko, eta egungoak jarraituko duela bertan. Kasazio errekurtsoa sei eta hogeitalau hilabete arteko epean konponduko da.