Tokiko produktu ezezagunetako baten berri ematearren, neguro, bisitariak eramaten ditu inguruko boilur sailetara, eta bertan, txakurraren laguntzarekin, urre beltza ateratzen dute lokatz artean. Tradizioa bihurtu dira eskualdean boilur beltzaren misterioak deskubritzeko Gaubeako turismo bulegoko arduraduna Yolanda Sobronek antolatzen dituen txangoak. Egutegian gorriz markatuta ditu orain otsailaren 10a eta martxoaren 4a, egun horietan hain zuzen bisitak egingo baititu animatzen den ororekin. "Dena dela irteerak eskaeraren arabera ere antolatzen ditugu", zehaztu du turismo arduradunak. Boilur beltzaren bilketan parte hartzeaz gainera, ingurua ezagutu eta jasotako onddoa nola prestatu behar den azaltzen diete bisitariei, eta boilurrarekin eginiko plater desberdinak dastatzeko aukera ere izaten dute Valpuesta herriko Los Canonigos jatetxean.
Sukaldaritzan oso preziatua den jakia hazteko eta biltzeko kultura Frantziatik iritsi zen Arabara: "Trebiñuko Konderrian eta Mendialdean, esate baterako, basoko melanosporum oso onak daude, baina ez zegoen bilatzeko eta jasotzeko ohitura; kontatu digutenez, lehen, Kataluniatik jendea maiz etortzen zen txakurrekin, hemengo mendietan neguko boilurrak jasotzera".
Arriskatu beharra
Duela hamabost urte inguru, berriz, euskal administrazioek boilur beltza landatzeko diru laguntzen partida bat zabaldu zuten, nekazarientzat diru-iturri osagarria izan zitekeelako, eta, bide batez, lursailak basoberritzeko asmoarekin. Araban kontzentratu da landaketa, baina Gaubeako turismo arduradunak azaldu duen bezala, epe luzera begirako inbertsioa da boilurgintza, eta gainera, arriskua dago laboreak aurrera ez egiteko: "Mintegietan onddoarekin kutsatutako landare txikiak jartzen ditugu, arteak bereziki; gero, zortzi bat urte itxaron behar da lehen boilurrak jasotzeko, eta hamabi inguru saila emankorra izateko. Kokapena ondo aztertu behar da, altitudea, lurraren PHa… eremua hesitu egin behar da basurdeak eta orkatzak ez sartzeko, eta halere gerta daiteke boilurrik ez jasotzea".
Araban Trufa Selecta izeneko kooperatibaren bitartez saltzen dute nekazari gehienek produkzioa. Horretan 125 hektarea eta 50 produktore biltzen dira, eta uzta ona izanez gero, tona erdi boilur beltz jasotzen dute gutxi gorabehera. Bederatziehun eta mila euro artean saldu ohi da melanosporum kiloa, betiere urteko eskaeraren eta eskaintzaren arabera.
Basabe herrian bisitatuko duten boilur laborea ezohikoa da, maila guztietan, eta, pronostiko guztien kontra, oso emankorra: "Eremu basatian dago eta hesitu gabe, animaliak sartzen dira, behiak, basurdeak…; printzipioz hori ez da ona, baina hemen funtzionatzen du", azaldu du turismo arduradunak. Felipe Diaz de Lezana sailaren jabeak berak aitortu duenez, neguko egun on batean kilo erdi bat boilur ere jaso ditu. Diaz de Lezanak produkzio gehiena inguruko jatetxeei eta ezagunei saltzen die, zuzenean.
Erreportaje osoa ALEA aldizkarian.