Gasteiz eta Burgos arteko Abiadura Handiko Trenaren ibilbidearen aurrean alegazioak prestatzen ari direla esan du Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek, "kalteak murrizteko asmoarekin eta lurraren gaineko ahalik eta eragin txikiena izateko". Gaineratu du Aldundiko lau sailetik ari direla aztertzen Espainiako Sustapen Ministerioak aurkeztu duen ibilbidea: Ingurumena, Bide Azpiegiturak, Nekazaritza eta Kultura. Hilabeteko epea dute Aldundiko teknikoek zuzenketak aurkezteko, otsailaren 20an amaituko baita epea. Halere, Gonzalezek esan du iragan astean UAGA nekazarien sindikatuarekin bilera bat egin zutela, eta horretan argi geratu zela bi aldeen helburua dela lurraldearen gaineko inpaktua arintzea.
Ahaldun nagusiaren azalpenak etorri dira, igandean, Ribabellosan, Añanako Kuadrillako dozenaka bizilagunek AHTaren aurka egin zuten mobilizazioaren harira. Arabako III. Boilur Azokaren ospakizuna baliatuta deitu zuten manifestaziora Manzanos, Quintanilla de la Ribera, Leciñana Oka eta Ribabellosako kontzejuek, Abiadura Handiko Trena, beste alternatiba bat posible da lelopean.
Herrien salaketa
Javier Argote Arabako Kontzejuen Elkarteko lehendakariak herrien izenean azaldu du Pancorbo eta Gasteiz arteko tren lasterraren ibilbideak Arabako Bailarak hondatuko dituela, eta hain zuzen Erriberabeitia, Komunioi eta Erriberagoitiko udalerriak izango direla kaltetuenak. "Diputazioari eta Eusko Jaurlaritzari esan nahi diegu Arabako Errioxan AHTari ematen dioten tratu berdina nahi dugula. Ezin da AHTa gogor arbuiatu lurralde batean eta Arabako beste lurralde batean ez. Lurraldea ez da dirua bakarrik, kultura eta pertsonak ere lurraldea dira".
Jaurlaritzaren, Diputazioaren, Añanako Kuadrillaren eta Lantarongo zein Erriberabeitia eta Erriberagoitiko Udalen isiltasuna kritikatu du Argotek. "Errioxan denek batera egin dute, baina hemen ez dute hitzik esan. Tratu berdina nahi dugu, erakundeek jarreraren bat hartzea nahi dugu, eta lurraldea defendatzea".