Gasteizko instrukzio epaitegiak iazko udaberrian ebatzi zuen bezala, epaiketa egiteko nahikoa arrazoi badaudela berretsi du orain Arabako Probintzia Auzitegiak. Iruzurra egiteagatik eta ondarea kaltetzeagatik salatu zituen 2009. urtean Arabako Foru Aldundiak Iruña-Veleiako aztarnategiaren buru izandako Eliseo Gil arkeologoa; Oscar Escribano Sanz arkeologoa eta Ruben Manuel Cerdan fisikari nuklearra ere sartu zituen auzian.
Dena den, Arabako Probintzia Auzitegiak kontuan hartu ditu Gilen abokatuak egindako hainbat galdekizun. Hala, ez du iruzur zantzurik ikusten Gilek Iruña-Veleiako piezak aurkezteko egindako aurkezpenean, besteak beste, ustezko engainuak arkeologoari ekarriko liokeen balizko onura material zuzenik ez baitu ikusten epaileak.
Piezak manipulatu izanaren zantzuak badaudela ebazten du epailearen testuak, halere, eta auzia epaiketara bidean utzi du. Zehazten duenez, Arabako Foru Aldundia eta Espainiako fiskaltza dira orain beren idatzietan akusatuetako bakoitzak kausa horietan izandako inplikazioa zehaztu beharko dutenak. Ezin zaio ebazpenari errekurtsorik aurkeztu.