Lehen aldiz historian, Espainiako Auzitegi Nazionalak proiektu bat baliogabetu du ibaiaren uraren kalitatea hondatu dezakeelako. Iragan uztailean gertatu zen. Huescako (Espainia) Biscarrueseko urtegiaren proiektua bertan behera utzi zuten epaileek, Europako Uraren Zuzentarauak zehazten dituen baldintzak ez dituelako betetzen.
Izan ere, Espainiako Estatuan 2002. urtean indarrean sartu zen Europako Uraren Zuzentaraua, eta orduz geroztik ibaien narriadura ekiditeko eta uraren egoera hobetzeko neurriak hartzera behartuta daude administrazioak. Halaber, Auzitegi Nazionalaren arabera, Biscarrueseko kasuan, Espainiako Gobernuak ez du aurkeztu egitasmoari buruzko bideragarritasun soziala, teknikoa, eta ekonomikoa jasotzen duen txostenik, eta kostu ekonomikoak berreskuratzeko ikerketa espezifikoa ere ez du egin. Biak ezinbestekoak ziren proiektuak aurrera egiteko.
Biscarrues, Esa eta Itoizko urtegien auziak eraman dituen Jose Luis Beaumont abokatu nafarrak Argia aldizkarian eginiko elkarrizketa batean honakoa gogoratu du: "Garai hartan Europako Uraren Zuzentaraua indarrean egon izan balitz, Biscarrues atzera bota duten arrazoi berdinarengatik deuseztatuko zituzketen Esa, Itoiz eta beste asko".
Teknikoen zalantzak
Bada, Biscarrueseko obra bertan behera gelditu duen Europako arau berbera bete beharko du Atiaga eta Barron artean egin nahi duten urtegiak. Alegia, inguruko ibaien ur emariak eta ingurumena errespetatu behar ditu, eta bideragarritasun txostenak behar bezala osatu eta aurkeztu behar dira, obrarekin hasi baino lehen. Une honetan, Arabako Foru Aldundiak aurkeztu duen Ingurumen Inpaktuko Txostena aztertzen ari da Espainiako Ingurumen Ministerioa.
Era berean, Nueva Cultura del Agua Fundazioak (FNCA) aztertu du Diputazioaren txostena, eta ondorioztatu du Barrongo urtegiak ez dituela Europatik markatzen dituzten gutxieneko baldintzak betetzen. Hartara, ohartarazi dute Huescako proiektuaren bide berdina har dezakeela Erriberagoitikoak.
EH Bildurekin adostutako aurrekontu akordioaren harira onartu zuen EAJk, urte hasieran, Añanako obrari buruz parte-hartze prozesu bat zabaltzea eskualdean, eta horren barruan aurreikusi zuten ere azterketa tekniko bat eskatzea. Zaragozako FNCAri egokitu zitzaion lana, eta dagoeneko aurkeztu dituzte ondorioak.
Jorge Bielsa, Cesar Gonzalez eta Domingo Baeza adituek eginiko azterketaren harira, akats larriak ditu Barrongo urtegiaren proiektuak.
Hala, Europako Zuzentarauak jasotzen duenaren kontra, Aldundiak ez du bideragarritasun ekonomikoari eta sozialari buruzko azterketa egin, eta gainera, ez du kostuak berreskuratzeari buruzko txostenik aurkeztu. FNCAko teknikoen esanetan, "ikerketa ezak proiektua bera baliogabetzen du, Aldundiaren txostenak ez du Europako Uraren Zuzentaraua betetzen".
Halaber, ingurumenari dagokionez, azpiegiturak Tumecillo eta Omecillo ibaien arroak eta egoera ekologikoa kaltetuko lituzkeela uste dute. Izan ere, Barrongo urtegia betetzeko ponpaketak erabiliko dira gehienbat: "Ez dute aldaketa klimatikoaren eragina neurtu; urtegia betetzeko, urtero, ibaietatik ura hartu beharko dute, bereziki Osmatik".