Garraiolari bat hil da istripu baten ondorioz, Pobes inguruan

Erredakzioa 2017ko aza. 30a, 14:04

A-2622 errepidea, Erriberabeitian.

Garraiolari bat hil da istripu baten ondorioz, A-2622 errepidean, Erriberabeitia udalerrian, Pobes inguruan.

Kamioilari bat hil zen atzo arratsaldean A-2622 errepidean, Erriberagoitian, gidatzen zuen ibilgailua errepidetik atera ondoren. Antza, gidatzen ari zela zorabiatu egin zen eta kamioiaren kontrola galdu egin zuen. Nolanahi ere, autopsiak argituko du gizonezkoa nola hil den. Istripua 17:30ean jazo zen, Burgosko noranzkoan. Bilboko matrikula zuen kamioiak.

LAB sindikatuak salatu du garraiolariaren heriotzarekin, gutxienez 52 langile hil direla istripuz edo istripuen ondorioz urte hasieratik, Euskal Herrian. "Garraiolarien lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira, lan baldintza kaxkarretan lan egitera behartuak daude kasu gehienetan; ezinezko ordutegiak dituzte, kamioian lo egitera behartuak daude, prezio baxuak dituzte" gogoratu dute.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago