Gaubean, Fresneda herrian jaio nintzen nekazari familia batean, Arabako mendebaldean dagoen herri txiki eta lasaian. Garai hartan, herriko eskolan amaitutakoan, hamabi urterekin, Gasteizera joan behar izaten genuen Batxilergoa egitera. Gero Irakasle ikasketak egiten hasi nintzen eta baita euskara ikasten ere. Zergatik? Euskalduna nintzelako; nolabaiteko sumindura sentitzen nuen euskara Bizkaian eta Gipuzkoan bizirik irauten zuen bitartean, gure artean egoera oso bestelakoa zela ikustea–bazirudien arabarrak bigarren maila batean ginela euskararen munduan–.
Orduantxe, ikastolak lehen urratsak egiten hasiak ziren Araban eta horrekin batera, arabar irakasleak euskaldundu beharra zegoen, bestela ez baikinen gai izango Irakaskuntzak aurrean zuen erronkari aurre egiten, ondoko herrialdekoekin lanpostuak beteko baitziren eta agian, horrela ez baitzen egonkortasuna ziurtatuko.
Irakasle-eskolan amaituta, Ikastola Elkartearen partaide talde batek euskara azkarrago ikasteko baserri batera joatea proposatu zidan, haien ustetan, Arabako ikastoletan bertako irakasleak behar zirelako.
Nahiz eta familia guztiz ados ez egon, nik gehiegi pentsatu gabe eta euskara ikasteko grinak bultzatuta, aukera ezin hobea zelakoan, 1977ko irailean, Nuarbe herrira joan nintzen beste hiru irakaslerekin batera. Goizean Loiolako Ikastolara joaten ginen praktikak egitera, arratsaldean euskarazko klaseak eta gainerako denboran etxeko eta herriko jendearekin praktikatzen ibili ginen.
Bertan ikasturte osoa pasatu ondoren, lehen pausoak ematen ari zen Ehari ikastolan hasi nintzen lanean. Eta handik aurrera lan-bizitza guztia irakaskuntzan pasatu dut Barrutia ikastolan eta Mendebaldea institutuan.
Momentu hartan, euskara ikasteak izugarrizko poztasuna eta aberastasuna suposatu zuen niretzat. Gogoan daukat, geroago, Zorroagan Psikologia egin nuenean, Donostiara joatea oso atsegina egiten zitzaidala euskaraz komunikatzeko gai bainintzen. Bestalde, EGA titulua berehala eskuratu nuenez, Gasteiztik mugitu gabe lan egitea posible izan zait beti, inolako arazorik gabe.
Urte hauetan guztietan, Araban euskararen ezagutza asko hazi bada ere, erabileran oraindik ere hankamotz gabiltza. Izan ere, bide luzea geratzen zaigu euskararen erabilera sustatzeko, bi alderditan batez ere: bata pertsonaren motibazioa sustatzea da, familiaren baitan –ikasleen artean erabilera maila oso ezberdinak ezagutu ditut familiaren arabera–. Gaur egun gazte gehienek badute ezagutza nahikoa haien artean eta seme-alabekin euskaraz aritzeko, eta horretan dabiltzala nago. Instituzioen aldetik baliabideak eskuratzea eta Udaletatik gero eta ekintza atseginagoak antolatzea espero dut. Bestea erabiltzea da, dakigunok erabili behar dugu.
Orain –uste baino lehenago–, lan jarduera bukatu eta herrira itzuli naiz. Begiratzen dut atzera, eta benetan oso pozgarria da niretzat herrian ibiltzen diren haur eta gazteekin euskaraz egin ahal izatea naturaltasun osoz. Batzuek euskaraz erantzuten didate, beste batzuek erdizka eta baten batek gaztelaniaz. Hori bai, neu beti hasten naiz euskaraz, lehen hitza euskaraz –gogoan izan esaera: "Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik"–. Nahiz eta batzuetan gehiegi ez izan, beti zerbait lortzen da erabilera mailan.
Horregatik, animatu nahi zaituztet euskara erabiltzera, plazaratzera eta geurea egitera gure bailaran ere, gure hizkuntzaren etorkizuna geure esku baitago.
Begoña Diaz de la Presa, irakaslea eta Gaubeako bizilaguna.