Añana Kuadrillako mendebaldea eta Arabako erdigunea lotzen dituen igarobide naturala da La Tejera. Mendatea zeharkatzen duen errepideak antzinako trazadura mantendu du, egokitzapen eta aldaketa handirik egin gabe. Bada, Arabako Foru Aldundiak erabaki du garaia dela lotunea hobetzeko eta joan-etorria samurragoa egiteko: "Herrialdeko igarobide natural bakarra da egokitu ez dena", esan du Josu Lopez Ubierna Bide Azpiegiturak eta Mugikortasuneko diputatuak.
Erabaki gabe dago egungo errepidea egokitzeko obrak egingo dituzten edo errepidearen trazadura aldatuko den eta beste toki batetik eramango duten. Horren inguruko erabakia hartzeko, lehenik eta behin, azterketa-informatiboa aginduko du Diputazioak, alternatiba desberdinak mahai gainean jartzeko. Lopez Ubiernak Arabako Batzar Nagusietan azaldu duenez, alternatiba guztien ingurumenaren inpaktuko txostena aurkeztu beharko dute azterketa-informatiboan.
2019an, erabakia
Epeen inguruan, diputatuak argitu du 2018. urteko lehen lauhilekoan kontratatuko dutela azterketa, eta bederatzi hilabeteko epean jasoko dituztela emaitzak. Ondoren, jendaurrean aurkeztu beharko dituzte alternatibak, eta alegazioak erantzun. Hortaz, 2019. urtera arte ez da behin betiko erabakia hartuko.
Diputatuaren esanetan, alternatiba egokiena, "ibilbide egokiena aurreikusten duena, ingurumenari kalte gutxien egiten diona eta gizartean ondorio txikienak dituena" izango da. Gogoratu du ingurune oso hauskorrean kokatuta dagoela mendatea, Paulgo igeltsutegiak, Gatz Haraneko diapiroa eta Caicedo-Yusoko lakua hartzen dituena hain zuzen.
969 ibilgailu
La Tejerako mendatearekin batera aztertuko dute Gesaltzako mendatearen konponketa eta Gesaltza-Añanako ingurabidea eraikitzeko aukera. Dena den, Lopez Ubiernak zehaztu du obra horiek onartzen baldin badira hurrengo legegintzaldian abian jarriko liratekeela, Batzar Nagusiek onartu behar duten Arabako errepideen plan berriarekin. 2016. urtean, batez besteko trafiko intentsitatea eguneko 969 ibilgailukoa izan zen A-2622 errepidean, Pobes eta Espejo artean. Ibilgailuetatik, 908 arinak izan ziren eta beste 61 astunak. Arabako Foru Aldundiaren Errepideen Zerbitzuak Paul herrian jarritako neurgailuaren araberako datuak dira hauek.