Zumarrak landatuko dituzte Valderejon, W-zuria tximeleta laguntzeko

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko aza. 16a, 16:09
w zuria tximeletak zumarren loreak jaten ditu. ALEA

Azaroaren 19an zumarrak landatuko dituzte Valderejon. Ekintza herritar guztiei zuzenduta dago. Aurretik izena eman behar da.

Onddo batek eragindako gaitzak jota –zumarraren grafiosia–, zuhaitz horiek desagertzen ari dira Europa osoan, eta horrek W-zuria izeneko tximeletari eragiten dio, zumarren loreak behar dituelako elikatzeko. Valderejoko parke naturalak eta Arabako Foru Aldundiak espezie hori babesteko eta berreskuratzeko proiektu  bat martxan jarri nahi dute, Zerynthia elkartearekin batera.

Hala, azaroaren 19an zumarrak landatuko dituzte Valderejon. Ekintza herritar guztiei zuzenduta dago. Lalastran dagoen Parketxean hasiko dira, 11:00etan, eta hiru ordu eta erdi inguruko iraupena izango du. Zerynthia elkartearen eskutik, proiektu hau zertan datzan azaldu ondoren, tximeleta honen biziraupenerako beharrezkoak diren zumarren landaketa bat egingo dute. Zumar hauek grafiosiarekiko erresistenteak diren aleak dira. 

Jarduera hau erabat doakoa da baina kontuan izan behar da parte-hartzaile kopurua mugatua dela eta beharrezkoa dela aurretik izena ematea.

Zerynthia elkarteko kideek adierazi dute aipatu tximeleta espezie hori ez dela desagertu Euskal Herrian, baina "oso populazio txikia" dagoela. Araban, iragan apirilean 70 zumar hostotxiki landatu zituzten Armentiako basoan. Eta Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroan ere izan dira halako ekimenak.

Tximeletak W-zuria izena hartzen du hegoetan "w" itxurako irudi zuri bat daramalako. Adituek kontatu dutenez, ekainetik aurrera egin ohi du hegan. "Basoko tximeleta da, zuhaitzen gainaldean egiten duelako hegan eta oso gutxi jaisten delako landereetara. Hori dela-eta, oso zaila izaten da tximeleta ikustea".

Naturan dauden espezieen bioaniztasuna mantentzea "oso garrantzitsua" dela nabarmendu dute,  "eta espezie baten galerak beste espezieengan eragin negatiboa du".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide