Azaro Solidarioaren antolaketan buru-belarri dabiltza bosgarrenez Kuartango, Urkabustaiz eta Erriberagoitia. Iaz, 10.000 euro bildu zituzten herritarrek Ruandako Kayenzi herrian haur-eskola bat zabaltzeko, eta aurten kopuru berdina lortu nahi dute, proiektuari jarraipena emateko.
Bestalde, Izarra eskolako umeek senidetzea egin zuten, 2016. urtean, Ekuadorreko Pikigüa hiriko ikasleekin, zonalde horretan pairatu zuten lurrikararen aurrean laguntzeko asmoarekin. Aurtengo Azaro Solidarioa baliatuko dute harreman hori estutzeko, eta ekimen gehiago martxan jartzeko.
Urtean zehar egin duten lan solidarioaren jarraipen gisa, azaroan hainbat ekitaldi antolatu ohi dituzte hiru herriek. Bost urte daramate Azaro Solidarioa antolatzen, azaldu dutenez "elkartasunaren inguruan hausnartzeko, eta justizian eta aldaketan oinarritutako elkartasunaren alde desberdinak ezagutzeko".
Egindako lana sakondu eta ikusarazi nahi dute. Antolatzaileek azaldu bezala, "Kuartangon aspaldi dabiltza elkartasunezko egitasmo desberdinetan parte hartzen, Ekuadorren, Ruandan eta Saharan; azken urteetan, gainera, Erriberagoitiko eta Urkabustaizko bizilagunekin batu dira egitasmo horiek aurrera ateratzeko".
Egitaraua
Azaroak 11
19:00 Ruandari buruzko hitzaldia. Leonardo Linazak Kayenzi herrian Manos Unidas elkartearekin garatzen ari den hezkuntza proiektua azalduko du.
Azaroak 18
19:00 Senidetze ekitaldia. Izarra eskolako eta Ekuadorreko Piquigüako umeek bideokonferentziaz hitz egingo dute.
Azaroak 25
19:00 Manos Unidasek Ruandako Kayenzi herrian egin duen haur-eskola baten mantenuan laguntzeko afari solidarioa eta dirua biltzeko zozketa bat egingo dute.