Hautsak harrotu ditu Langraiz Okan zortziehun pisu eraikitzeko planak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko aza. 3a, 14:11
Iruña Okako Udala hirigintza plana aztertzen ari da. ALEA

Hirigintza plan orokorrak aurrez aurre jarri ditu udal gobernua eta bizilagunak; alkateak ukatu du etxeak botako dituztenik.

 

Hirigintza operazio basatien garaiak ziren. 2009. urtean idatzi zuten Iruña Okako hirigintza plana.Garaiko aurreikuspenen arabera, hamabost urteko epean, zortziehun etxebizitza eraikiko ziren udalerrian. Horietako batzuk Langraiz Okako erdigunean kokatzea aurreikusi zuten, antolamendutik kanpo utziko ziren egungo hainbat etxebizitzen gainean. Beste batzuk, institutuaren atzealdean egiteko asmoa zuten.

Bada, adreiluaren krisiarekin, kaxoi batean gorde zuten Hirigintza Plan Orokorra berpiztu eta mahai gainean jarri du udal gobernuak, eztabaidarako. Berehala etorri da erantzuna: bizilagun ugarik kezka, ezinegona, salaketa eta kritikak zabaldu dituzte, udal gobernuaren asmoen aurrean. Sare sozialak erabili dituzte planaren inguruan informazioa partekatzeko, eta bideo bat egin dute, herriko erdigunean egun dauden hainbat etxebizitza "arauz kanpo" utziko dituztela ohartarazteko.

Etxebizitzak, arauz kanpo

Udal gobernuaren asmoak kritikatu dituzten herritarren artean dago Adolfo Martinez. Gutun irekia idatzi du Langraiz Okako herritarrek bizi duten "hirigintza-larritasuna" salatzeko. Martinezek azaldu duenez,  "arauz kanpo masibo bat" ezartzen du plan orokorrak Langraizko Etorbidearen erdian eta iparraldean. Haren esanetan, etxebizitza batek jaso dezakeen kalifikaziorik larriena da arauz kanpo uztea: "Balorea galduko dute egungo etxeek, jabeen eskubideak mugatuko dituzte, eta ezingo dira maileguak eskatzeko berme bezala erabili". Martinezen irudikoz, "ulertezina" da pisu berriak egiteko egungo etxebizitzak eraitsi nahi izatea.

Halaber, zalantzan jarri du hirigintza planak bultzatzen duen hazkunde eredua: "Iruña Oka pisuen eredua eskainita haziko dela pentsatzea, eginezina da, errealitatetik kanpo egotea da".

Iragan urriaren 6an, herriko giroa berotzen ari zela ikusita, batzar irekia antolatu zuen herriko alkate sozialista Javier Martinezek. Alkatearekin batera, plana egin zuten arkitektoek parte hartu zuten. Haatik, batzarrak ez du giroa baretu.

Piztutako polemikaren harira, alkateak azaldu du Udalak esku artean duen plana lan egiten hasteko dokumentu bat besterik ez dela, eta ukatu du egungo etxebizitzak hiri-antolamendutik kanpo utziko dituztela, pisu berriak eraikitzeko. Martinezek ziurtatu duenez, Hirigintza Plan Orokorra egin gabe dago, eta argitu du proiektua osatzen dutenean, informazio publikora aterako dutela, eta alegazioak aurkezteko epea zabalduko dutela, legeak agintzen duen moduan.

Kritiken atzean "herritarrak altxarazteko" interes politikoa dagoela uste du Martinezek.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide