Barrongo urtegiak Euskal Herriko landare babestu bat desagerraraziko duela ohartarazi dute

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko urr. 19a, 17:50
Barron eta Atiaga lotzen duen errepidea. PHOT.OK

Barrongo urtegia eraikitzen bada, Euskal Herrian dauden Genista eliassennenii landare arraroaren eta babestuaren ale gehienak desagertuko lirateke.

Añanako lurrak ureztatzeko Barron eta Atiaga lotzen dituen A-4319 errepidea urperatuko dute, eta beste ibilbide batetik eraman beharko dute trafikoa. Bada, Pello Urrutia, Patxi Heras eta Juan A. Alejandre botanikoek egiaztatu dute inguru horretan bizi dela Euskal Herriko floran bitxienetakoa den landare bat: Genista eliassennenii. Asmoak aurrera egiten badu "kalte itzuliezina" egingo zaiola nabarmendu dute.

Aditu hauen esanetan, "Barrongo urtegiaren eraikuntzak landarearen populazio erdia desagerraraztea ekarriko du", eta oso zaila litzateke, botanikoen irudikoz, landarearen gainerako aleak bizirautea.Teknikoek nabarmendu dute Arabako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ingurumen txostenek ez dutela landareari buruzko aipamenik egiten, "nahiz eta jakin bertako populazio dela Euskal Herriko bakarrenetakoa". Izan ere, Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan dago Genista eliassennenii "landare arraro" bezala.

Barronen Genista eliassenneniiren populazioa 1,6 hektareako lur eremuan sakabanatuta dago, eta  200 ale inguru daude bertan. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide