Sei mila euroko diru-laguntza onartu du Iruña Okako Udalaren osoko bilkurak, udalerritik amiantoa kentzen laguntzeko.
Urriko batzarrak onartu duen testuaren arabera, diru partida hau banatuko dute amiantoa kendu nahi duten udalerriko bizilagun guztien artean. "Hondakin kaltegarri hauek baimenik gabe, edozein tokitan, uztea ekidin nahi dugu", argitu dute udal iturriek.
Udalak mila euro arteko diru-laguntza emango die amiantoa dituzten elementuak kentzera behartuta dauden bizilagunei –bereziki uralitako teilatuak–. Diru-laguntza jasotzeko egiaztatu beharko dute amiantoa behar bezala kendu dutela, espezializatutako enpresa baten bitartez, eta hondakinak baimendutako zabortegian utzi dituztela.
Udal tasak bere horretan mantenduko ditu
Hurrengo urteko tasak bere horretan mantenduko dira. Hala onartu du Iruña Okako Udalak azken udalbatzarrean, EH Bilduren kontrako botoarekin. Talde abertzaleak diru-bilketa progresiboa defendatu du, eta Batzar Administratiboek ordaintzen duten higiezinen zerga desagertzea.
Tasak izoztearekin batera, Iruña Okako Udalak onartu du udalerriko etxebizitzen katastroaren balioaren zatia gutxienekoetan mantentzea, higiezinen zerga ahalik eta baxuena izateko.
Udal gobernuko iturriek azaldu dutenez, era horretan Iruña Oka bilakatu da zergapetze tasa baxuena duen udalerria, Arabako gainerako herriekin alderatuta.