Babes ofizialeko zazpi etxebizitza eraiki nahi dituzte Zanbranako siloan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko urr. 15a, 08:00

Zanbranan egin asmo dituzten etxebizitzak. ZANBRANAKO UDALA

Landa eremuaren eta herriaren idiosinkrasia errespetatuko dituzten etxeak izango dira.

Babes ofizialeko zazpi etxebizitza eraikitzeko egitasmoa bultzatzen ari da Udala Zanbranan. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailarekin akordio bat erdietsi dute lurrak lagatzeko, eta urriaren 21ean egingo dute egitasmoaren aurkezpen ofiziala, herriko gizarte etxean, 17:00etan.

Udalak aurreikusi du  babes ofizialeko banako zazpi etxebizitza eraikitzea, lurrarekin; 140.000 euroan kalkulatu dute etxe bakoitzaren salmenta prezioa. Etxebizitzak Zanbranako siloak okupatzen zuen eremuan eraikiko dituzte, herriko zeharkalean. Eusko Jaurlaritzak dohainik utzi du lur eremua eraikuntza egiteko, eta asmoa da kooperatiba bat osatzea egitasmoari lehenbailehen ekiteko.

Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dagoen edozein pertsonak izena eman ahal izango du promozioan, baina lehentasuna emango diete Zanbranako, Añanako eta Arabako lagunei, ordena horretan.

Landa eremukoak

Zanbranako Udalaren asmoa udalerriaren hazkunde demografikoa bultzatzea da, baina ez edozein modutan. Batez ere tokiko gazteei zuzendutako kalitatezko etxebizitzak izango dira, arrazoizko prezioan, eta "Arabako landa eremuan arrotzak ez diren eraikinak" eraikiz.

Udal gobernuak hirigintzari buruz egindako hausnarketaren harira etorri da egitasmoa. Hala azaldu dute: "Azken urteetan Arabako nekazaritza eremuan eman den hirigintza boomaren ondorioz, etxebizitza ugari eraiki dira herrien inguruetan, baina herrietatik erabat deskonektatuta; bunker moduko etxeak dira, itxiak, hesituak". 

Joera horren aurrean, Arabako herrien idiosinkrasia errespetatzen duen proiektua bultzatzen ari da Udala: "Ez ditugu lursailak partzelatu nahi, espazio zabalak eta irekiak lehenetsi nahi ditugu. Hazkundearen ikuspegi garaikide batetik abiatuta, Arabako herrien izaera berreskuratu nahi dugu". 

Hurrengo larunbatean antolatu duten bilkuran etxebizitza beharra dagoen ikusi nahi dute udal agintariek, eta dagoen eskaeraren arabera, hurrengo urtean etxebizitzak eraikitzen hasiko dira, eta 2019. urtean obra guztia amaitzea espero dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago