Gaubeako Patata Azokaren ospakizuna ez da aurreko urteetan bezain alaia izango. Ez, bederen, eskualdeko nekazarientzat. Patataren prezioak beherakada handia izan du azken bi urteetako joerarekin alderatuta. UAGAko Cesar Izar de la Fuentek ohartarazi du prezioak "irrigarriak" direla, eta sektoreak bizi duen egoera "oso kezkagarria" dela. Azken hamabost urteetan, Araban, 10.000 hektarea patata landatzetik 1.600 hektarea landatzera igaro da.
Igandean, Uribarri Gaubean egingo da Patata Azoka. Tokiko produktuen salmenta eta ohiko dastatzea egiteaz gain, inguruko nekazariek patata zakuak eramango dituzte, saltzeko.
Valderojoko Antzinako Lanbideen Azoka, 12an
Dena den Patata Azoka ez da hurrengo egunotan, Gaubean, antolatu duten ekimen bakarra. Ostegunean, urriaren 12an, hain zuzen, Valderejoko parkean, Antzinako Lanbideen Eguna egingo dute. 11:00etan hasiko dira jarduerak. Bailarako ogibide zaharrak ezagutzera emateko festa eguna da. Lantegiak eta erakustaldiak egongo dira Lalastran, bertako ekoizleen azoka, eta, antzina Valderejon egiten ziren giza-gazteluak berreskuratuko dituzte.