2015. urtean abiatu zuen PSE-EEko udal gobernuak proiektu bat Langraiz Okako Goiko Errota eraberritzeko, eta "xarma hotela" edo "kalitatezko jatetxea" bihurtu ondoren norbanako bati saltzeko. Lanak amaitu dira, eta denera 800.000 euro inguru inbertitu ditu Udalak eraikina konpontzeko.
Alta, Uraren Euskal Agentziak eragotzi du antzinako kare errotan bizitegi-negozioa egiteko asmoa, eta azkenik atzera egin behar izan du udal gobernuak.
Erabilera kulturala izango du Goiko Errotak aurrerantzean. Azken udal osoko bilkuran onartu dute Iruña Okako liburutegi berria jasoko duela eraikinak, eta bertan kokatuko direla gizarte etxean egun dauden zerbitzu batzuk eta turismo bulego bat ere. Halaber, azaroaren 30era arte epe bat zabaldu du Udalak errota zaharraren erabilerari buruz herritarrek dituzten ekarpenak jasotzeko.
EAJko eta EH Bilduko zinegotziak oso kritiko agertu ziren iraileko osoko bilkuran, PSE-EEko udal gobernuak auzi honetan izan duen jarrera "itxiaren" inguruan, eta gainerako talde politikoen eta herritarren iritziak kontuan hartzeko exijitu zuten.
Proiektuaren berri izan zutenetik, oposizioko taldeek behin baino gehiagotan salatu dute Goiko Errota eraberritzeko planak ez zituela behar bezalako bermeak, eta ostalaritza negozio bat kokatzeko baino, erabilera kulturala lehenetsi behar zela defendatu dute. Javier Martinez alkate sozialistak, aldiz, bere horretan mantendu zuen egitasmoa, herria "biziberritzeko" balioko zuela argudiatuta.
Uraren esku-hartzea erabakigarria izan da alkateak atzera egiteko. 2015. urtean agentziak baimena ukatu zuen errotan bizitegi-negozio bat zabaltzeko, eta obrak gelditzeko exijitu zuen, erabilera aldatu arte. Alkateak obrarekin aurrera jarraitu zuen, eta orduan Olabarriko bizilagun batek Fiskaltzara jo zuen. Salaketa artxibatu zen, baina azkenean Uraren eskaera kontuan hartu behar izan du Udalak, eta kultura erabilera onartu.