Gaubean, hiru biztanle bila

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko ira. 16a, 10:00

Gaubean populazio galera inportantea jazotzen ari da. PHOT.OK

Erroldan mila biztanle baino gutxiago dituzten udalerrien taldean sartu da Gaubea; ondorio ekonomikoak ekarriko ditu populazio galerak.

 

Hiru bizilagunen faltan 60.000 euro gutxiago jasoko ditu Gaubeako Udalak hurrengo urtean, Arabako Diputazioaren aldetik.  1.005 lagun erroldaturik zituen udalerriak urtearen hasieran, baina zortzi galdu ditu, eta udal erroldak 997 bizilagun daudela jasotzen du gaur.

Hartara, Arabako Foru Aldundiak urtero tokiko erakundeak finantzatzeko bideratzen duen diru partida murriztuko dute, hain zuzen, 1.000 biztanletik behera duten herrien taldean sartuko baitute Gaubea. 

Alkateak alarma-oihua  eman du, eta gutuna bidali die herriko bizilagunei egoeraz ohartarazteko, eta bide batez, mesede bat eskatzeko: "Gaubean erroldatzea eskatzen dizugu ahal baduzu; inportantea da mila biztanleko langa gainditzea. Zure herriari mesede bat egitea eskatzen dizugu, hain zuen ere", idatzi du Udalak.

Juan Carlos Ramirez-Escudero alkateak azaldu duenez, badira hainbat gaubear Gasteizen erroldatu direla, "baina berdin-berdin egon litezke hemen erroldatuta; ez dute ezer galduko eta herriari sekulako mesedea egingo diote". Herritar horiengana bereziki jo du nahi du Udalak. Alkatearen esanetan, "50 urtetik gorako gaubearrak dira, dena ordainduta dute, eta ez dute lotura burokratikorik hiriburuan". 

Bestalde, bidalitako gutunean, Udalak azpimarratu du egungo aurrekontuari eustea ezinbestekoa dela herrian dauden zerbitzuak mantentzeko. "Iragan astean, esate baterako, Uribarri Gaubeako kiroldegi berriaren obrak esleitu genituen, eta hurrengo astean lanak hasiko dituzte".

Arabako beste hainbat herritan gertatzen den bezala, biztanleria mugikorra handia da Gaubean: "Uda partean herrietako populazioa bikoizten dugu. Halaber, sarritan gurasoak Gaubean erroldatuta baldin badaude ere, seme-alabak hiriburuan daude". Egoera horiek eragiten duten jende desorekari erantzun nahi dio Udalak.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago