Angostoko Azokak 26 urte beteko ditu aurten. Erdi Aroko ganadu azoka hau iragan mendean desagertu zen, nekazal eremuko lanaren mekanizazio prozesua hasi eta Gaubeako herriak jendez husten hasi zirenean. Alta, 60. hamarkadan Añanako Nekazaritza Garapenerako Elkarteak jaia berreskuratzea erabaki zuen; batetik hiriko biztanleak nekazaritza eremura erakartzea nahi zuten, eta Gaubeako zein Añanako ekoizleen produktuak zabaldu; bestetik, oso sakabanatuta dauden herrien biztanleen artean topagune bat sortzeko asmoa zuten.
Hala, igande honetan ekoizle ugariren produktuen erakusketa eta azoka izango da; bereziki, nekazaritza eta elikadurako produktuak eskainiko dituzte, hala nola, euskal pastela, gaztak, taloak, hestebeteak, kontserbak, ogia, eztia eta gatza. Horrez gain, txahalki eta pataten herri dastatzea antolatu dute, Boilurreko sukaldarien laguntzarekin.