Sobrongo Ur Museoa zabaldu dute, bost urtez itxita egon ostean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko uzt. 28a, 17:10
Sobrongo Ur Museoa. PHOT.OK

2012. urtean itxi behar izan zuten Sobrongo antzinako bainuetxean eraikitako Uraren Museoa, aurrekontu faltagatik. Gaur ireki dute berriro.

Arabako Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak, Lantarongo Udalak, Añanako Kuadrillak eta Vital Fundazioak hitzarmen bat sinatu berri dute, datozen lau urteetan Sobrongo Ur Museoa zabalik egonen dela bermatzeko. Zehazki, datozen urteetan, guztira, 322.500 euroko ekarpena egingo dute erakundeek.

XIX. eta XX. mendeen artean zabalik izan zen bainuetxe handi baten inguruan dago gaur Sobrongo Ur Museoa, Ebro ibaiaren ertzean. Bere garaian, ur minero-medizinalei esker, ospe handia izan zuen zonaldeak, baina urte luzeak dira erabat bazterturik dagoela. Hala ere, azken urte hauetan, turismoarekin eta abenturarekin lotutako jarduerei esker biziberritu da; orain dela hilabete gutxi, esate baterako, Sobrongo ferrata-bidea inauguratu zuten, Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen halako egitura bakarra.

Ur Museoa ere azpiegitura aitzindaria da EAEn, uraren inguruko ezagutza jorratzen duen bakarra baita. Museoak ohiko baliabideak eskaintzen ditu uraren ezagupena hurbiltzeko (maketak, diaporamak, proiekzio birtualak), baina era berean puntako teknologia berriak erabiltzen ditu. Gainera, epe laburrera lantegiak eta jarduera didaktikoak eta ludikoak abian jarri nahi dituzte, herritarrei ekosistemaren balioak hurbiltzeko. Halaber, Uraren Euskal Agentziaren bitartez, ingurumen proiektu bat bultzatuko dute, museoa ingurumen hezkuntzako zentroen euskal sarean sartzeko, eta era horretan Arabako lehenengo 'ekoetxea' izateko.

Inaugurazio ekitaldian izan ziren Sobrongo Batzar Administratiboko lehendakaria, Lantarongo alkatea, Añanako Kuadrillako lehendakaria, Arabako Ahaldun Nagusi Ramiro Gonzalez, eta Jaurlaritzako Ingurumen sailburu eta Uraren lehendakari Iñaki Arriola. 

Museoa zabalik izango da asteburuetan. 

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide