Banpirorik ez gure artean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko uzt. 28a, 08:00
Saguzarrak, Karankako etxe batean. PHOT.OK

Mehatxatuen katalogoan daude Araban bizi diren 24 saguzar espezie ezberdinak; udan baserrietako ganbaretan umatu ohi dute.

Saguzarra ikusi eta berehala Bram Stoker irlandar idazlearen Dracula kondea gogora dator. Gehienetan ikara sortzen dute, beldurra edo ezinegona. Baina lasai egon gaitezke; ez dago banpirorik gure artean, ezta inguru hurbilean ere: "Mundu mailan 1.300 espezietik gora saguzar daude, eta horietatik soilik hiru dira banpiroak; hiru horietatik bakar bat elikatzen da ugaztunon odolaz; Erdialdeko Amerikan bizi da hori". 

Saguzarrak ez dira gainerako bizidunak baino arriskutsuagoak: "Gaixotasunak transmititzen ditu beste animalia batzuek bezala, baina kontaktua zaila izaten da; saguzarrak ez zaitu inoiz erasoko, baina harrapatzen baduzu babestu egingo da. Edozein animalia basati bezala, hobe da ez ikutzea". Hala mintzo da EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia saileko irakasle eta UEUko kidea Urtzi Goiti. 

Stokerren nobelak eragindako estigma edo fama txarraren atzean dagoen ugaztun "txundigarria" gertutik ezagutzen du Goitik. Gainera, Naturayalako naturazaleek, Amurrioko Udalaren babesarekin, saguzarren inguruan abiatu duten ikerketan laguntzen du irakasleak. 

Saguzarren koloniak aurkitu dituzte Naturayalako kideek Amurrioko San Anton eta Santa Maria elizetan, eta txango didaktikoak egiten hasi dira. Animaliak eragotzi gabe, ale batzuk ikustea eta euren ohituren inguruan gehiago jakitea da asmoa.

Ganbaran, erraz

Berez, erraza da saguzarrak Arabako herrietako eraikinetan topatzea. "Oso ohikoa da saguzarrak etxeetan umatzea, beroagatik bereziki. Kumeek, jaioberritan, hozteko arriskua dute, eta ganbarak aukeratzen dituzte kumeak azkarrago hazten direlako eta hilkortasun tasa jaisten delako. Lehen, kobazuloetan umatzen ziren saguzar batzuk, orain etxeetan umatzen dira".

Dena dela, espeziearen arabera, eta urtaroaren arabera, toki batean edo beste batean egon daitezke: zuhaitzetan, etxebizitzetan, kobazuloetan… Ager daitezke Gasteizko hiri erditik, edo soilik hoberen kontserbatutako hariztietan. Espezie bakoitzak eskakizun desberdinak ditu:  "Batzuk oso arruntak dira, oso moldakorrak, baina badira beste batzuk soilik baso jakin batzuetan umatzen direnak, horien eskakizun ekologikoak oso-oso bereziak direlako". Galzorian dagoen Bechstein saguzarra, esate baterako, soilik Izkin edo Abornikanoko hariztietan aurkituko dugu, harizti zaharrenetan umatzen delako bakarrik.

Babestutako espeziea 

Euskal Autonomia Erkidegoan ditugun saguzar familia guztiak daude Araban. Guztiak babestuta daude, eta EAEko espezie mehatxatuen katalogoan daude. Orotara, 24 espezie  dira, eta hegaztiekin gertatzen den bezala, oso aldakorra da familia bakoitzaren itxura eta bizimodua ere. 

Elikadura, adibidez, espezietik espeziera aldatzen da. Goitik nabarmendu duenez, aipatzekoa da ibai-saguzarra: "Ohikoa da erreken gainean ikustea, uretatik oso gertu; hankak eta atzamarrak oso handiak ditu, eta ekorketa bat eginez harrapatzen ditu ur gainean dauden intsektuak. Espezializatuta dago horretan". Beste batzuek, berriz, kakalardoak ehizatzen dituzte, eta badira hegalari oso azkarrak sitsak harrapatzen dituztenak. "Askotariko saguzarrak daude, badago espezie bat haragijalea dena, eta txoriak ehizatzen ditu. Txorien migrazio garaian, udazken hasieran, pasekoak ehizatzen ditu".

Halaber, migratzeko joera familiatik familiara aldatzen da. Kasu gehienetan, emeek koloniak osatzen dituzte udan, sarritan baserrietan, eta neguan kobazuloetara sartzen dira, bertan, tenperatura egonkorragoa delakoan. Halere, badira salbuespenak: "Hemen dagoen saguzar espezie baten emeak Alemania aldean umatzen dira, eta uda bukatzen denean, hona itzultzen dira, eta hemen geratu diren arrekin kopulatuko dute", azaldu du irakasleak.

Ezaugarri komunak

Baina askotarikoak izan arren, ezaugarri komunak dituzte saguzar familia guztiek. Lozorroan egoteko gaitasuna, esate baterako. Neguan lozorroan egoten dira saguzarrak, tenperatura hotzarekin intsekturik ez dagoelako; hala ere, lozorroa ez da etengabea, nahi dutenean esna daitezke. "Bereziak dira, –azaldu du Goitik– posible dutelako bat-batean lozorroan sartzea, urteko edozein unetan; uda txarra baldin bada, tenperatura oso hotza baldin bada eta intsekturik ez badago, posible dute lozorroan sartzea. Tenperatura eta metabolismoa jaitsi dezakete nahi dutenean, eta horrela aurre egin diezaiokete elikadura faltari eta tenperatura hotzari". 

Bigarren ezaugarria, oso ezaguna, ultrasoinuak igortzeko gaitasuna da.   Ez dira itsuak, baina ultrasoinuak erabiltzen dituzte orientatzeko. "Oso sistema sofistikatua da. Ultrasoinuak igortzen dituzte, eta oihartzunarekin irudi tridimentsional bat osatzen dute. Erabiltzen duten habitaten arabera, ultrasoinuak desberdinak dira". Horregatik, hain zuen, saguzarrak ikertzen dituzten zientifikoek espezie bakoitza identifikatzeko ultrasoinuak grabatu eta aztertzen dituzte: zer frekuentzian emititzen duten, pultsu mota, luzera… Modu horretan, saguzarren familiak sailkatu dituzte.

Saguzarren zaindariak, Gaubean

Ez da ohikoa saguzarrak etxean onartzea, baina Merche Salazarrek eta Juan Cruz Sobronek saguzarren kolonia bat dute Karankako bere etxeko ganbaran, aspaldi. Azaldu dutenez, orain dela 40 urtera arte lastoa sartzen zuten etxeko mandioan, baina behin laboreak utzi zituztenean, saguzarrek okupatu zuten laborearen tokia. Ez dira animaliak uxatzen saiatu, eta horregatik kolonia handituz joan da urtetik urtera. Diputazioaren basozainari komentatu zioten saguzarrak zituztela etxeko ganbaran, eta ez zekitela zer egin: "Gorotzez betetzen dute zorua, eta latza da urtero zikinkeria hori guztia garbitzea" esan du Sobronek. Ordutik, Diputazioaren langileek plastiko handi bat eramaten dute uda partean, ganbarako zorua estaltzeko, eta urrira aldera pasatzen dira, kentzera. Azken urteotan asko dira eraberritu dituzten baserriak, estalpeak, ukuiluak, zubiak, harresiak edo baselizak, eta leku horiek babesteko eta umatzeko erabiltzen duten fauna kanporatu dute.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide