Barrongo urtegiaren parte-hartze prozesuaren ondorioak, udazkenerako

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko uzt. 21a, 08:30

Bilkurak egiten ari dira Barrongo urtegiaren parte-hartze prozesuaren harira.

Nueva Cultura del Agua taldeko kideak Kuadrillako eragile eta erakundeekin biltzen ari dira.

 

Udazkenean aurkeztu nahi dituzte teknikoek Barrongo urtegiaren inguruko parte-hartze prozesuaren ondorioak. Aste honetan bigarren bisita egiten ari dira urtegiak hartuko duen zonaldera. Halaber, Kuadrillako herritarrei inkesta bat helaraziko diete egitasmoaren inguruan. 

Arabako Diputazioarekin, Erriberagoitia, Lantaron, Gaubea eta Gesaltza-Añanako alkateekin eta tokiko turismo eragileekin bildu dira aste honetan prozesua zuzentzen ari diren teknikoak; hurrengo egunetan tokiko nekazariekin eta ganaduzaleekin egoteko asmoa dute. Urtegiaren proiektuarekin konprometituta dauden UAGA sindikatuarekin eta Tumecillo Ureztatzaileen Elkartearekin hitz egingo dute batetik, eta, bestetik, lehorreko laboreak dituzten nekazariekin –urtegia behar ez dutenak– eta ekologikoan ari direnekin.

EH Bilduk eta Podemosek foru aurrekontuen negoziazioan proposatu zuten eztabaida eta diagnostiko hori abiatzea, eta EAJk onartu zuen. Hartara, Nueva Cultura del Agua izeneko fundazioari esleitu zion Diputazioak, maiatzean, Barrongo urtegiaren inguruko parte-hartze prozesuaren gidaritza. Dena den, prozesuaren ondorioak eta emaitzak ez dira lotesleak izango.

Jardunaldiak

Parte-hartze prozesuarekin batera, jardunaldiak antolatzea onartu zuen Diputazioak. Arabako Kontzejuen Elkarteari eman diote horiek egiteko eta koordinatzeko ardura, eta  asmoa da behin parte-hartze prozesua amaitu ondoren topaketak egitea, azaroa aldera.

Bi jardunaldi antolatu nahi dituzte: lehena, Gasteizen, Barrongo egitasmoak Arabako ekonomian, ingurumenean eta gizartean ekarriko lituzkeen ondorioen inguruko informazioa emateko eta zabaltzeko. Bigarrena, Espejon egingo litzateke, inguruko biztanleei bideratuta, eskualdeak dituen beharrizanei eta aukerei buruz hitz egiteko.

Ingurumen txostena

Une honetan, Espainiako  Nekazaritza Ministerioa Arabako Ibarrak Ureztatzeko proiektuaren 1,2,3,5,6 eta 7. zonaldeen ingurumen inpaktuko txostena osatzen ari da. Barrongo urtegia 5. zonaldeari dagokion obra da, eta proiektuan aurreikusitako azpiegitura handiena da: Albinaren tamaina izango luke, eta urtegia eraikitzeko obran 182 milioi euro inbertituko dira, eta 600.000 metro koadroko nekazal lurra urperatuko dute. Barrongo urak Lantaron, Erriberabeitia eta Armiñongo lurrak ureztatzeko balioko luke.

1998an onartu zen proiektua, baina urte luzez geldituta egon ostean, 2015ean atera zen informazio publikora, eta orduan ezagutu zituzten kaltetuek. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago