"Omenaldia egin diet Riberako aiton-amonei"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko uzt. 1a, 18:00
Marisol Tobillas, Gaubean girotu du bere lehen eleberria.

Gaubeako historia oinarri izan du Marisol Tobillasek bere lehen polizia-nobela girotzeko; bailaran ohitura eta pertsonaia ugari aurkitu ditu.

 

Gaubeako Udalak argitaratu eta banatu zuen Un muerto de menos Marisol Tobillasen lehen eleberria, opari gisa, Gabonetan. Polizia historia kontatzen du idazle berriak, Gaubean girotuta, hain zuen 1916. eta 1955. urteen artean.

Zer dela eta idatzi zenuen eleberria?

Bankuan aurre-jubilatu nintzenean literatura tailer batean izena eman nuen; hasieran Helduen Hezkuntza Zentroan, eta gero, Pilar Corcuerarekin.  Klasean kontaketa laburrak idatzi ditut, baina lehen nobela da Un muerto de menos. Historia bat asmatzeko eta idazteko gai nintzela frogatu nahi izan diot neure buruari.

Zer kontatzen duzu liburuan?

Polizia-nobela bat da, Gaubean giroturik. Zati bat asmatu dut, baina erreferentzia historikoak dokumentatuta daude.

Zer garaitan girotuta dago?

2008. urtean hasten da historia; ni ez naizen banku erretiratu batek ikerketa bat abiatzen du, buzoi batzuk kalean botata topatu ostean. Ikerketaren protagonista Benito Salazar da. Aitaren herrian kokatzen dut Benitoren historia,Valderejoko Riberan, 1916an; horren haritik hasten naiz kontatzen nola bizi ziren bertan.

Nola bildu duzu garai hartako informazioa?

Orain dela hiru urte hil zen amaren lehengusu batengana jo nuen, Antonio Bardezirengana, Gurendesko tabernako jabearengana; buru miresgarria zuen, eta izen eta data asko eman zizkidan. Interneteko blogak, Auñamendi entziklopedia, eta gurasoak kontatu zizkidaten anekdotak ere baliatu ditut. 

Zenbat denbora behar izan duzu?

Lau urte. Zailena historia asmatzea izan da; gero, era intuitiboan idatzi dut.

Gaubeako ohitura-nobela idatzi nahi zenuen, edo polizia-nobela?  

Hasiera batean polizia-nobela hutsa idatzi nahi nuen. Benito asmatu nuenean nolabait etxekoa egin nahi izan nuen, eta Riberan girotzea okurritu zitzaidan. 

Ezagutu ez ditudan Riberako aitona-amonaren inguruan jakin-mina izan dut beti, gainditu gabeko irakasgaia izan da. Liburuarekin omenaldia egin diot aitaren familiari.

Antzinako ohitura ezezagun asko aurkitu dituzu?

Bai, asko. Besteen artean gehien harritu ninduena Minada izan da. Arabako hitza da, elkarren arteko laguntza emateko nekazaritza elkarte bat: nekazari bati idia edo mandoa hiltzen zitzaionean, nekazari guztien artean dirua jartzen zuten, idi bat erosteko. Urtean bitan, idiak ateratzen zituzten herriko plazara, eta Minadako epaileek animaliak ondo zaintzen zituztela ikuskatzen zuten. Egun horretan festa handia egiten zuten. Halaber, uzta amaitzen zenean, zerealaren parte bat jartzen zuten, behar zuenari emateko.

Afrikako Gerrako kontuak ere bildu dituzu.

Bai. Jakin izan dut, adibidez, 1.200 pezeta inguru pagatzen zietela herriko aberatsek pobreei, euren ordez gerrara joateko. Uste nuen armadari ordaintzen ziotela ez joatearren, baina osaba baten historiaren harira, jakin dut herriko aberatsak aitonari ordaindu ziola, semea bere ordez joateko, eta semeak Argentinara ihes egin zuela. 

Espainiako Gerra aipatzen duzu. Zer giroa egon zen?.

Gaubean ez zen bonbardaketarik egon, mendekuak bai, toki guztietan bezala; Gurendesko lehengusuak kontatu zidan alkate bat eta apaiz bat ibili zirela etxez etxe jendea zelatatzen, eta bat baino gehiago izutu zutela. Bestalde, nobelan jasotzen dut Abisiniako gerratik Franco laguntzera etorri ziren italiarren historia, Gurendesen.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide