Bost urte beteko ditu larunbat honetan Zanbranako Gazteluen Egunak, udalerriko ondare kulturala nabarmentzeko jaio den ospakizunak. Lanos eta Zabalate gazteluak lotzen dituen zortzi kilometroko txangoa izaten ohi da eguneko ekinaldi nagusia; aurten, gainera, jaialdi handia antolatu dute arratsalde partean, txalapartaren inguruan.
Zanbranako Txalapartari Egunaren harira, sei talde oso ezagun hurbilduko dira herri txikira. Hutsun talde iruindarrak kontzertu didaktikoa eskainiko du; azken urteetan 70 kontzertu inguru eman dituzte taldeko kideek, eta Oreka TX taldearekin ere jo dute. Hernaniko Kimu taldearen doinuekin jarraituko du jaiak Zanbranan. Ondoren, Amazur Sestaoko taldeak material ezberdinekin –tartean PVCrekin– osatutako bost txalaparta joko ditu, eta kanta ezberdinak joko ditu: tradizional estilokoak, sanberoak, txalaparta bat edo bi erabiliz… Tarragonako Txalaparta Eskolak (Txek) lekukoa hartuko du, eta 75 minutuko kontzertua eskainiko du zurezko, harrizko zein beirazko txalapartekin.
Berriketan, Gasteiz
Gauean, herri afariaren ostean, flamenkoa eta txalaparta uztartzen dituen Gasteizko Berriketan taldeak parte hartuko du; Iruñeko Tottelka taldeak txalaparta elektronikoarekin itxiko du Zanbranako Gazteluen Eguna.
Zanbrana, Ocio, Zabalate eta Bergantzuko batzar administratiboek, elkarteek eta bizilagunek parte hartu dute eguna antolatzen, Udalarekin batera. Auzolanean prestatu dute ospakizuna. Udalerrian dagoen ondarea –besteak beste, Zabalate eta Lanos gazteluak– ezagutaraztea da helburu. Halaber, bertan bizi direnen artean harremanak lantzeko eta hobetzeko baliatzen dute eguna.
2013an betiko desagertzeko zorian egon zen Zabalateko gaztelua, baina herritarrek egindako lanari esker, turismo kultural aktiboaren eredu bilakatu da. Zabalate da Euskal Herrian dagoen multzo historiko ikusgarrienetako bat. Lanos gaztelua, berriz, Ocio gainean dago. VIII. eta X. mendeen artean eraiki zuten.
Egitaraua
09:00 Pregoia, Bergantzuko elizan.
09:30 Erromeriaren hasiera. Bergantzutik Lanosko gaztelura, eta ondoren Zabalate gaztelura (8 kilometro).
13:00-13:45 Zabalate herrian bukaera; autobusak izango dira Zanbranara joateko.
14:30 Zanbranako batukada txiki taldea.
15:00 Herri bazkaria.
16:00-19:30 Txikientzako puzgarriak eta aurpegia margotzeko tailerrak.
Txalapartari Eguna
• 18:00 Hutsun.
• 19:15 Kimu.
• 20:15 Amazur.
• 21:00 Txek.