Sorkuntzari, berezko tokia

Estitxu U. Lopez de Arkaute/Saioa Fdz de Aranguiz 2017ko eka. 9a, 12:00

Arabako geografiaren bakartasunean, artearen erreferente nagusia izatea lortu du Azala sorkuntza espazioak; Idoia Zabaleta da Azala espazioaren sustatzaileetako bat.

Artearen erreferente nagusia izateagatik, eta Euskal Herriko testuinguru artistikoa mapan kokatzeagatik jaso du Gure Artea saria Azala sorkuntza espazioak. Hiru dira Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak banatzen dituen sarien helburuak: "Sortzaileen lana ageriko egitea, ezagutzera ematea, eta aitorpena egitea". Ekainaren 15ean egingo dute sari banaketa ekitaldia.

Idoia Zabaleta koreografo eta dantzaria da Lasierran (Erriberagoitia) dagoen Azala espazioaren sustatzaileetako bat. Haren esanetan, "sorpresa" izan da  saria: "Ez genuen espero saria, ez zegoen gure aukeren artean, baina tira, zergatik ez? Egia da Azala erreferente bat dela; inguru konplize bat da belaunaldi batentzat, gorputzaren potentziaren inguruan interesatuta dauden pertsona askorentzat; idazkeraren inguruan dauden artistentzat eta sortzaileentzat ere Azala erreferentzia bat da, leku bat, erabil dezaketen lekua".

Izan ere, 2008. urtetik, gunea zabaldu zutenetik, mundu osoko proiektuek Azalan aurkitu dute sortzeko eta garatzeko espazio pribilegiatu bat. Lasierra herriko estudioak eta etxolak inauguratu zituen Beiruteko Zoukak kolektiboak, errefuxiatuekin eta espetxeetan lan egiten duten aktibistek; ordutik, dantza, performancea eta antzerki esperimentala nahasten dituen Maria Ribot artista madrildarra egon da, Lisa Nelson koreografo estatubatuarra, Uruguaiko Periferiko kolektiboa… Azken asteetan Gerard Ortin artista Barrongo eta Gibijoko otso-zuloen inguruan lantzen ari den proiektuaren aterpea da Azala.

Momentu berean disziplina ezberdinak batzen ahalegintzen dira anfitrioiak: "Azalak konbinatzen ditu oso modu berezian intentsitatea eta lasaitasuna, topaketak gertatzeko toki oso aproposa da. Izatez, guri gustatzen zaigu egonaldi bat baino gehiago egotea, artista ezberdinak biltzea –dio Zabaletak–; aktibistak, hausnartzaileak, gurutzatzea; hori sustatzen dugu, esperimentuak egiten ditugu, jendea bere erosotasun  espaziotik pitin bat ateratzea bilatzen dugu". Katalizatzaile lana egiten dute, harremanak eta konexioak sortzen dituzte. Horretan adituak dira.

Egonaldiak eta mintegiak

Hortaz, lanaren estiloa edo diziplina ez dira oztopo Azalaren gonbidapena jasotzeko. "Gonbidatuak ekartzeko irizpide desberdinak daude, garaia edo momentuaren arabera, baina ez gara batere zorrotzak. Hori bai, inplikatzen den jendea gonbidatzea gustatzen zaigu; Azala ez da soilik entseatzeko toki bat", argitu du.

Sortzaileen egonaldiak bideratzeko deialdia zabalik dago beti webgunean; ahoz ahokoak ere funtzionatzen du, eta beste kasu batzuetan Azalak berak bideratzen ditu egonaldiak, interesatzen zaizkien pertsonengana joz: "Irizpide bat da egonaldiak ahalik eta luzeenak egitea, hiru edo lau hilabetekoak, anfitrioi lana errazagoa delako, eta harremana eta komunikatzeko aukera handiagoa delako; jarraikortasun bat mantendu nahi dugu". Dagoeneko aurtengo egutegia itxita dute, eta jada hurengo udaberrirako proiektuak aukeratzen ari dira. 

Mintegiak eta tailerrak ere antolatzen dituzte Azalan, eta horietan irizpide artistikoagoa erabiltzen dute, "eta aukera izanik, bidez batez, gu elikatzen gaituzten gauzak aukeratzen ditugu, Juan, Ixiar edo nire partekoak".

Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 108. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago