Balio eta tamaina handiko bi erretaula daude Bachicaboko San Martin elizan: XVII. mendeko bat, barrokoa, zurezkoa, eta XVI. mendean hormaren gainean margotutako "itxurazko erretaula" bat. Gaubeako turismo bulegoak bisita gidatua antolatu du larunbat honetan, berreskuratzeko egin duten lana azaltzeko.
Arabako Aldundiak digitalean argitaratu berri duen Bachicaboko San Martin elizako bi erretaulak liburuan jasotzen denez, ustekabean aurkitu zuten elizaren absideko horma-pintura, 2006. urtean. Izan ere, XVII. mendeko erretaula barrokoaren pinturak eta taillak zaharberritzeko lanak egiten ari ziren bitartean topatu zuten XVI. mendeko murala: "Arabako Zaharberrikuntza Zerbitzuak erabaki zuen erretaula nagusiko mihise handia, San Martin kapa apurtzen izenekoa, lehengoratzea; San Martinen margoa kentzean Egiptorako Ihesaren eszena agertu zen, elizaren absidearen horman margotuta".
Hartara, aurkikuntza berreskuratzeko asmoarekin, erretaula barrokoa osorik desmuntatzea erabaki zuten: "Ustekabe handia izan zen 35 metro koadro baino gehiago duen margolan bat agertu zenean, kareztatu gabe, erretaula bat irudikatzen duena".
Adituek adierazi dutenez, ez da ohikoa XVI. mendeko margolan bat gure egunera arte iristea, tenpluak behin eta berriro berritu, margotu eta pikatu baitira. Berez, kasu gutxi daude: "bada beste bat Araban, Gardelegiko Done Petri parrokian, hain zuzen ere. Gardelegin ere hormako erretaula bistaratu eta zaharberritu egin zen, eta bertan ikusi daitezke XVI. mendeko azken hereneko bi margolan eta XVIII. mende hasierako kalbario bat".
Juan de Armona
Pedro Echeverria EHUko irakasleak Bachicaboko pintura horien erreferentziak bazituen, eta aurkikuntzaren garrantziaz ohartarazi zuen. Izan ere, Juan de Armona XVI. mendeko margolariak egin zuen, eta gorde den lehenengo margo talde dokumentatua da. Urduñako tailerreko kide nabarmena izan zen Armona, eta obra bakarra sinatu zuen, Katadianoko Eskolunbeko santutegikoa.
Horiek horrela, Arabako Zaharberrikuntza Zerbitzuak zenbait aukera aztertu zituen erretaula biak lehengoratu eta ikusgai jartzeko. 2011. urtean erretaula barrokoa zurezko egitura berri baten gainean muntatu zuten, taillak eta mihiseak berreskuratu ondoren. Armazoi berri hau nabearen burualdean dago, hormatik pixka bat aurreratuta. Modu honetan berreskuratutako horma-pintura errazago ikus daiteke. 2012. urtean inauguratu zuten Bachicaboko San Martin elizaren obra osoa.