alea.eus

Janari bilketa egiten ari dira Arabako Bakelekurako

Estitxu U. Lopez de Arkaute 2017-05-19 12:35   Gizartea  Añana  Kuartango

Saharako errefuxiatuen kanpamenduetan bizi diren 20 ume artatuko dituzte Kuartangon.

Janari bilketa egiten ari dira Arabako Bakelekurako
Saharako umeak Kuartangon, iaz. PHOT.OK | Ikusi handiago | Argazki originala

Janaria biltzen ari dira apirilaz geroztik Arabako Bakelekua egitasmoaren arduradunak, uda partean bisitan izango diren ume sahararren beharrak asetzeko. Bilketa "oso ondo" doala adierazi dute antolatzaileek; bereziki inguruko saltokietara jo dute laguntza eske. Pobes, Langraiz, Kuartango eta Izarran izan dira, hain zuen, eta erantzuna "bikaina" izan dela esan dute. 

Itziar Martinez de Santos Arabako Bakelekuko kideak gaineratu du aurten askoz errazago izaten ari dela antolaketa lana, aurreko urteetako esperientziatik asko ikasi dutelako, eta ekimena sendotzea lortu dutelako.

Hirugarren aldiz

Zuhatzu-Kuartangoko albaitariaren etxe zaharrean ostatu hartuko dute umeek, uztailean eta abuztuan. Udalekuaren helburu nagusia azterketa medikuak egitea da eta halaber elikadura aldetik indarrak hartzeko baliatzen dute umeek Euskal Herrian igarotzen dituzten hilabeteak, eta basamortuan garai honetan dauden tenperaturak saihesteko.

Halaber, txangoak antolatzen dituzte umeekin edo bestela Kuartangoko igerilekuetan eta frontoian jolastu egiten dute. 

Hirugarren urtea da Kuartangok Saharako errefuxiatuen kanpamenduetan bizi diren umeak artatzen dituela. Euskal Trenbideetako Langileak Mugarik Gabe elkarteak duela bost urte abian jarri zuen lehenbiziko "bakelekua" Bizkaian, eta beste herrialdeetara zabaltzea lortu dute.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa