Bost urteko lana behar izan dute Lacorzanako urmaelean anfibioak finkatzeko. 2012. urtean Aranzadik proposatuta hainbat neurri abiatu zituzten. Aurten azken urratsa egin dute; URAk 14 gotorleku eraiki ditu Armiñongo urmael babestuan, mehatxatutako anfibioak babesteko helburuarekin. "Anfibioek hezeguneen aldamenetan babeslekuak behar dituzte fase lurtarrean direnean: egunaren ordu epelenetan ezkutatuz, deshidratazioa zein harrapatuak izatea saihesteko", argitu dute URAtik.
Gotorlekuak Lacorzanako urmaeleko ekialdean eraiki dituzte, bertan bizi baitira anfibio gehien zonalde horretan. Lacorzanan finkatu diren anfibioen artean, aipatzekoak dira apo pikarta (Pelodytes punctatus), apo lasterkaria (Epidalea calamita) edota apo ezproiduna (Pelobates cultripes); azken hau, desagertzeko arrisku larrian, da Euskal Autonomia Erkidegoan.
Urmael-ekosistema eta mehatxatutako anfibio espezieak berreskuratzeko lan horietan 70.000 euro inbertitu ditu Uraren Euskal Agentziak.
Gainbehera
Zadorrako sistemara atxikitako urmael endorreikoa da Lacorzanakoa, eta urte luzez labore lanetarako erabili dutenez, behin baino gehiagotan lehortu da hezegune txikia. Horrenbestez, balore naturalen aldetik gainbehera handia pairatu zuen, baina hala ere ura zuen garaietan fauna aberatsa jasotzen zuen.
2004. urtean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak Lacorzana hezegunean ingurumena leheneratzeko eta babesteko proiektu bat abiatzea, eta inguruko lurrak erostea. Lau urte pasa ziren urmaela hesitu eta hainbat egokitzapen lan egin zituzten arte.
Berreskuratze prozesuarekin amaitzeko, 2012ko amaieraren eta 2013ko hasiera bitartean, Lacorzanako urmaeleko anfibioen habitata hobetzeko jarduera sorta bat prestatu zuten.
Lan hauek ertzetako tarte batzuetan lezkadia moztea zuten xede, landaredirik gabeko ur-laminak sortuta, anfibio-populazioen egonkortzea ahalbidetzeko. Era berean, urmaelaren inguruan zuhaitzak landatu zituzten, ertzetatik gertu landaredi orban berriak osatuz: erkametzak, batik bat.