Latsarria, emakumeen lantoki eta eremu librea

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko api. 29a, 00:00

Tobillas herriko latsarria. PHOT.OK

Latsarriak, iturriak eta hirukoak herrietako emakumeek urte luzez egin duten ezkutuko lanaren adibide esanguratsuak dira. Añana da Araban uraren arkitekturaren elementu gehien biltzen duen eskualdea.

Latsarri mota ugari daude Araban, eta eskualdearen arabera azpiegitura hauen ezaugarriak aldatzen dira. Gaubean 59 iturri, latsarri, hiruko eta uraska zenbatu dituzte; Añana Kuadrilla da Araban uraren arkitekturarekin lotutako halako elementu gehien biltzen duen eskualdea.

Latsarriak eraikitzeko arrazoi asko dago, herriko kontzeju bakoitzaren arabera. Batzuetan ordura arte ibaiertzeetan arropa garbitzen zuten emakumeak erosoago lan egitea bilatzen zuten, baina beste batzuetan "moralitatea zaintzea" zuten helburu. Maiz, elizgizonek bultzaturik, kontzejuek latsarriak eraiki zituzten, ibaiertzeetan gizonak eta emakumeak modu naturalean elkartzeko zuten joera trabatzeko, edo beste batzuetan emakumeak arropa garbitzeko "hartzen zituzten jarrera lizunak" ekiditeko asmoarekin.

Hartara, XVIII. mendetik eta XX. mendera arte, hain zuzen ura etxeetara iristen hasi zen arte, latsarrietan biltzen ziren herrietako emakume gehienak familiako arropa garbitzeko. Lan gogorra egiten zuten bertan, luzea, nekeza, eta esfortzu handia eskatzen zuena. Lehenik arropa-kargak latsarrietara eraman behar zituzten, sarritan distantzia handiak zeharkatu ondoren, gero garbiketako lanak egin behar zituzten, arropak ondo garbitu, lehortu, lisatu, eta berriro etxera bueltan eraman behar zituzten.

Genero rolak

Hainbat ikerketaren arabera, lantokiaz gainera, adin guztietako emakumeek aske hitz egiteko zuten eremu publikoa bilakatu zen latsarria. Bertan inguruko herrietako nobedade garrantzitsuenak partekatzen zituzten emakumeek, baita familiaren gorabeherak ere.  Bestetik, Beatriz Gallego Muñoz historialariak 2010. urtean publikatu zuen liburu batean jasotzen da latsarriek genero bereizketa eta genero rolak mantentzeko orduan jokatu zuten paper garrantzitsua.

"Sarritan –jaso du autoreak– neskato txikiak latsarrira joaten ziren amarekin edo ahizpa nagusiekin, eta bertan jolasen artean gainerako emakumeen jarrerei erreparatzen zieten. Imitazio jokoen bitartez ikasten zuten arropa garbitzen baina baita ere emakume bat estimatua izateko izan behar zituen ezaugarriak, eta egin behar zituen lanak". Gainera, bestelako informazioak jasotzen zituzten gazteek, sexu harremanen inguruan, esate baterako.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago