Añanako Kuadrillaren ur horniduraren zati handi bat kudeatzen du Mendi Haran partzuergoak, tartean udalak, auzoak eta junta administratiboak daude baita Pobeseko igerilekuak ere. Guztira 23 herri dira, Erriberabeitian, Erriberagoitian, eta Gaubean sakabanaturik. Zundaketen bitartez eta bere edateko ur sareen bitartez hornitzen ditu herri horiek guztiak Partzuergoak, eta orain arte Iberdrolarekin kontratatuta zuten zundaketa sistemaren funtzionamendurako beharrezkoa den energia elektrikoa lortzeko.
Partzuergoak beste eredu energetiko baten aldeko pausuak emateko beharra ikusi zuen, eta enkantean atera du zundaketa sistemaren horniketa elektrikoa. EmasP kooperatiba nafarrari egokitu zaio esleipena, eta horrenbestez urtean batez beste 273.786 kilowatio orduko kontratatuko dute, ur hornikuntza egin ahal izateko. Josepe Martioda Partzuergoko lehendakariak azaldu du akordioari esker, Mendi Haranek 82.136 kilo CO2 eta 131,4 gramo hondakin erradioaktiboak isurtzea ekidituko duela.
Martiodak azaldu duenez, lehiaketaren pleguetan, soilik jatorri berriztagarria ziurtatzen duten enpresa komertzializatzaileak kontratatzea izan da baldintzarik inportanteena, baita kontsumo energetikoa eta Partzuergoak ordaintzen duen prezioa jaistea ere. "Energia eredu aldaketa, energia berriztagarrien aldeko apustua eta pertsona eta gizartearen osasuna lehenetsi da gauza guztien gainetik. Gainera, kontuan hartu dugu gure urteko aurrekontuaren erdia inguru sare elektrikoa ordaintzeko erabiltzen dugula, 50.000 euro inguru, eta orain %6 edo %10 merkeago izango da".
Hiru enpresa aurkeztu ziren lehiaketara, eta EmasP Nafarroako kooperatiba txikiari egokitu zaio energia hornitzailearen lanak egitea.