20. Korrika

Gaupasa antolatu dute Langraiz Okan 20. Korrikari ongietorria egiteko

Langraizen Korrika gauean jasoko dute.

Arratsaldean magia ikuskizuna antolatu dute gizarte etxean; ondoren triki-poteoak eta afariak.

 

Arratsaldetik gauerarteko egitaraua prestatu dute Langraiz Okan Korrikari ongi etorria emateko. Lehenbiziko hitzordua 18:00etan da, herriko gizarte etxeko antzokian; bertan Kidam magoaren emanaldia izango da.

Behin magia ikuskizuna amaitu ondoren, herriko giroa alaitzen joateko, 19:30ean mintza-poteoa egiteko geratu dira Añanako Mintzalagunak taldeko kideak, Bobby´s tabernan, Langraiz Okako herriko plazan; trikitilariak ere izango dira poteoan. Ondoren, afaria egiteko Mandaita herrira abiatuko dira, 20:30ean. Añanako Mintzalagunak taldeak antolatutako ekitaldiak irekiak dira herritar ororentzat.

Añana Euskaraz Mingainean taldeak ere antolatu ditu ekitaldiak Korrika heldu arte, Langraizen. Hala, pintxo-potean ibiliko dira 20:30etik 22:30ak arte Langraiz Okako tabernetatik, eta ondoren, 21:30ean, Korreo tabernan afalduko dute. Musika ez da faltako taldearen poteoan. 

Kotxeak antolatzeko

22:30ean bilduko dira guztiak Korrikaren ibilbideari azken ukituak emateko, eta kilometro bakoitzean parte hartuko dutenak kotxeetan banatzeko. Besteak beste, kilometro bat egingo dute Iruña Okako Udalak, Kuartangoko Udalak, Erriberabeitiako Udalak, Langraiz Okako Kutxako langileek, Añanako Mintzalagunak taldeak, Martioda eta Trespondeko herritarrek, Gaubea Bizirikek, Bilodako lagunek, Añanako euskara ikasleek, eta Euskara Añana Mingainean taldeak.

Hamahiru kilometroko ibilbide motza egingo du Korrikak Añanan, ohi den bezala. Tresponde herritik sartuko da eskualdean, 23:07etan, Biloda zeharkatuko du, eta Langraiz Okako eskolaren aurrean 23:46etan pasatuko da. Herriko kaleetan barrena ibiliko da minutu batzuk eta berehala hartuko du Argantzunerako bidea.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide