Berantevillako Lacorzanilla poligonoaren inguruan, Ihuda ibaian, isuri bat egon dela salatu dute inguruko bizilagunek sare sozialetan. Larunbatean jazo zen gertaera, eta bideo bat zabaldu dute. Salaketa egin duen lagunak adierazi du lixiba usaina zegoela, Ertzaintzari deitu ziola gertaera salatzeko, eta txosten bat egin dutela EAEko Ingurumen sailari bidaltzeko.
URA Ur Agentziarekin harremanetan jarri da ALEA aldizkaria gaur goizean isuriaren jatorriaren inguruan galdetzeko. Adierazi dutenez, teknikaria hurbildu zen asteburuan Berantevillara eta isuriaren laginak hartu zituen. Une honetan isuriaren jatorria ari dira aztertzen.
Ez da lehenbiziko aldia Ihuda ibaira isuriak bota direla Berantevilla inguruan.